Telomeroak, zelulen bizitza eta RNA

Telomeroak, zelulen bizitza eta RNA
2007/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Mexiko Berriko Unibertsitatea)

Azkenaldian, pare bat ikerketa argitaratu dira telomeroi buruz. Telomeroak kromosomen muturretan dauden DNA-zatiak dira, eta zelulen bizitza mugatzen dute: zelula banatzen den bakoitzean, telomeroa txikitu egiten da, eta, zenbat eta laburragoa izan telomeroa, orduan eta hurbilago dago zelula heriotzatik.

Britainia Handiko Cardiff Unibertsitateko ikertzaileek zelulen bizitzaren eta telomeroaren luzeraren arteko erlazioa aztertu dute, eta zelulak osasuntsu izateko telomeroak gutxienez zenbat base-pare izan behar dituen argitzea lortu dute. Hain zuzen, sei base-pare 12,8 aldiz errepikatuta izatea da muga; telomeroak hori baino gutxiago baditu, akatsak gertatzen dira zelulak banatzean. Akats horien ondorioz, zelulak hil egiten dira, edo minbizia sor dezaketen mutazioak agertzen dira.

Suitzako Minbiziaren Ikerketa Esperimentalen Institutuan, berriz, ustekabeko aurkikuntza bat egin dute: telomeroek RNA ekoizteko informazioa dutela ikusi dute. Telomeroen DNA-sekuentziak ez du generik; beraz, ez zuten halakorik espero. Orain, baina, telomeroek RNAren ekoizpenarekin zerikusia dutela frogatu ondoren, RNA horrek zer funtzio duen ikertzen hasi dira. Izan ere, minbiziaren sorreran garrantzia izan dezakeela uste dute ikertzaileek.

1
236
2007
11
011
Genetika
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila