Sumendia izotzaren azpian

Hego Poloan aurkitutako sumendia piztuko balitz, bertako izotz-geruza urtu egingo litzateke.

Sumendi hau, Donald Blankenship-ek 1987. urtean burututako behaketa-lan batean ikertu zen. Horren arrastoa izotz-geruzaren zati bat azkar urtzea izan zen.

Blankenship Lamont-Doherty behatoki ospetsuko partaide zen eta behatoki hau aparatu eta teknikaren aldetik Lurreko behatokirik osatuena da. Ikerketen helburua, Antarktika zehatz ezagutzea zen. Hasieran intuizioa besterik ez zena, frogatu beharra zegoen, eta horregatik geroago Robin Bell lankidearekin batera itzuli zen neurketak egitera. Besteak beste, izotzen zabalera eta altuera, eremu magnetikoa eta harrizko zoruaren grabitate-erakarpena neurtu zituzten.

Blankenship-entzat, izotz-geruza bat beste bat baino azkarrago urtzen bazen, iturri beroren bat dagoelako gertatzea begien bistakoa zen. Zenbait ikerlari argudio horiekin ez zegoen ados, baina 1992. urtean Blankenship-ek, 81° 52,6’ko hegoaldeko latitudean eta 111° 18,1’ko mendebaldeko longitudean sumendi bat zegoela frogatu zuen. Zonalde horretako izotz-geruzaren zabalera 2.000 m-koa da eta begien bistan ez da erliebe-aldaketa handirik ikusten. Baina, radarrari esker 650 m-ko altuera duen mendi bat aurkitu da izotzaren azpian.

Egindako neurketa magnetikoen arabera, aipatu mendiak magnetita asko duela ikusi da eta magnetita izatea sumendien ezaugarria da. Grabitate-neurketen bidez kono bat ere detektatu da. Konoaren diametroa 6 km-koa da eta sakonera 50 m-koa. Bertan izotza etenik gabe urtzen ari da.

Beste neurketa batzuen arabera, sumendiak metro karratuko 10 eta 50 W-eko potentzia ematen duela frogatu da. Potentzia hau lurrazalak ematen duena baino 1.000 aldiz handiagoa denez, sumendia itzalita ez eta lo dagoela ondorioztatzen da.

Antarktikaren inguruan badaude beste sumendi batzuk ere, baina hau izotz azpian aurkitutako lehena izan da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila