Sortzetiko bihotz-gaixotasuna izateko arriskua amaren adinari lotuta dago, baina ez obuluarenari

Saguetan egindako ikerketa baten arabera, ariketa fisikoak arriskua txikitzen du

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

sortzetiko-bihotz-gaixotasuna-izateko-arriskua-ama
Sortzetiko bihotz-gaixotasuna izateko joera genetikoa duten saguekin egin dute ikerketa. - Arg. NIH

Haurrek sortzetiko bihotz-gaixotasuna izateko arriskua handitu egiten da amaren adinarekin batera. Orain, saguetan egindako ikerketa batean ikusi dute horren oinarria amarengan dagoela, baina ez obuluan. Eta amak ariketa fisikoa egiteak arrisku hori txikitzea eragiten duela ere ikusi dute. Naturen argitaratu dute lana.

Sortzetiko bihotz-gaixotasuna da haurretan erikortasun eta hilkortasun gehien eragiten duen gaixotasunetako bat. Gaitz horren prebentziorako arreta non jarri iradokitzen du Washington Unibertsitateko ikertzaile batzuek egin duten ikerketa honek. Izan ere, ez zen ezagutzen gaixotasun hori izateko arriskua amaren adinari lotuta egotearen arrazoia obuluan zegoen edo amarengan. Hori ikertzeko, sagu gazteei sagu zaharren obarioak eta, alderantziz, zaharrei gazteen obarioak, transplantatu zizkieten. Eta ikusi dute lehenengo kasuan (sagu gaztea + obario zaharra) ez dela ondorengoek gaixotasuna izateko arriskua handitzen, eta bai bigarrenean (sagu zaharra + obario gaztea). Alegia, amaren beraren adina dela umeek gaixotasuna izateko arriskua handitzen duena, eta ez duela loturarik obarioaren edo obuluaren adinarekin.

Askotan adinarekin lotuta egoten diren obesitateak eta hipergluzemiak eraginik ote duten ere aztertu dute, saguei gantz askoko dieta emanez; baina ez dute loturarik aurkitu. Baina arriskua txikitzeko modu bat badagoela ikusi dute: amak ariketa fisikoa egitea. Gaztetatik ariketa fisikoa egiten duten saguekin, eta heldutan hasi direnekin egin dute proba, eta ikusi dute bi kasutan arriskua nabarmen txikitzen dela; eta gaztetatik edo heldutan egitearen artean ez dute alderik aurkitu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila