Ugaztunon propiozepzioaren funtzionamendua ulertzeko bidean urrats garrantzitsua eman da, inplikatuta dauden neuronetan zein sentsorek parte hartzen duten argitzea lortu baitute. Propiozepzioa gure buruaren eta gorputz-atalen posizioaren kontzientzia ematen digun zentzumena da. Seigarren zentzumena ere deitu izan zaio. Gure gorputz-atalak espazioan non dauden antzematen laguntzen digu; orekarako zein mugimendurako, funtsezkoa. Horretarako, neurona mekanosentikorrak ditugu gorputzean barreiatuta, gure giharrek, tendoiek, azalak eta artikulazioek pairatzen duten edozein luzaketa zein tentsioari buruzko informazioa, momentuan, garunari transmititzeko prest.
Aspalditik zebiltzan neurobiologoak zentzumen horren sentsorea izan daitekeen proteinaren bila. Alegia, gihar eta tendoien mugimendu hori neuronetan seinale elektriko bihurtzen duena, nerbioetan barrena garraiatzeko gero. Azkenean, Scripps Ikerketa Institutuko ikertzailearen taldekoek aurkitu dute, Estatu Batuetako beste ikerketa zentro batzuekin elkarlanean: Piezo 2 proteina da, ukimenean ere inplikatuta badagoena. Neurona horien nerbio-bukaeran mekanikoki aktibatutako ioi-kanalak daude, eta, giharra luzatzen denean, inguruko nerbioen kanalak ireki, eta ioiak sartzen dira, bulkada elektriko nerbioso bat sortuta. Kasu honetan saguekin egin dituzte entseguak, baina ikertzaileak ziur dira ugaztunon sentsore orokorra ere badela. Hala argitaratu dute, berriki, Nature Neuroscience aldizkarian.
Aipatutako ikertzaileak ukimenean inplikatutako Piezo 2 proteina aztertzen ari zirela, sagu transgenikoak sortu zituzten, eta emaitzak harrituta utzi zituen: Piezo 2-ren genea isilarazia zuten saguek, ukimen-arazoez gain, ibilera erabat baldarra ere erakutsi zuten. Gorputz-atalak noranahi bideratzen zituzten eta mugimendu erabat deskoordinatua zuten. Horrela jakin zuten Piezo 2 proteina propiozepzioan inplikatuta zegoela. Gerora ikusi dute sagu transgeniko horietan izterretako nerbioek ez dutela apenas seinale elektrikorik sortzen giharra uzkurtzen denean.
Zentzumenen mundua hobeto ezagutzeko aukera emango du aurkikuntza honek, nahiz eta neurobiologiak aski erakutsi duen pertzepzioak hamaika ñabardura dituela eta horiek denak argitzea zaila izango den.
Elhuyarrek garatutako teknologia