Saturnoren eraztunak ilargi baten desintegrazioak sortu zituela proposatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

saturnoren-eraztunak-ilargi-baten-desintegrazioak
Saturno eta bere eraztunen argazkia, Cassini zundaren bidez. Arg. NASA/JPL-Caltech/SSI


Saturnoren eraztunen jatorria eta planetaren inklinazioa azaltzeko hipotesi berri bat argitaratu du Science aldizkariak. MIT Massachusetts Teknologia Instututuko astrofisikariek gidatu dute ikerketa, eta, haien arabera, ilargi baten desintegraziotik sortu ziren Saturnoren eraztunak. Gertakari hark azaltzen du baita planetaren inklinazioa ere. Ondorio horietara iristeko, Cassini zundak planetaren aurka jo aurretik jaso zituen azken datuak eta simulazio numerikoak erabili dituzte.

Krisalida deitu diote ilargiari. Kalkulatu dute Iapetus ilargiaren neurria zuela gutxi gorabehera (Iapetusek 1.470 kilometro inguruko diametroa du, eta Saturnoren hirugarren ilargirik handiena da). Hipotesiaren arabera, duela 150 milioi urte inguru, Krisalidaren orbita desegonkortu egin zen, eta gehiegi gerturatu zen planetara. Marea-indarren eraginez, ilargia desintegratu egin zen; arrokek elkarren aurka jo zuten, eta zati txikiagoak sortu ziren. Zati horiek osatzen dituzte Saturnoren eraztunak. Gainera, eraztunak hain gazteak zergatik diren ere azaltzen du hipotesiak, planetak 4.500 milioi urte baino gehiago baititu.

Bestalde, astrofisikarien ustez, gertakari horrek berak eragin zuen Saturnok 26,7º-ko inklinazioa izatea, eta Titan ilargiaren orbita hain eszentrikoa izatea. Hain zuzen, Titan kanporantz migratzen ari da, abiadura handian: 14 cm urtean.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila