Hipotesi zabaldua da loak garuneko toxinak garbitzen laguntzen duela, eta hori dela loaren funtzio nagusietako bat. Alabaina, saguetan egin berri duten esperimentu batean, frogatu dute lo daudenean garunaren garbiketa moteldu egiten dela, baita anestesiatuta badaude ere.
Erresuma Batuko Dementzia Ikertza Institutuko eta Londresko Imperial Collegeko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dute. Esperimentuan, fluido fluoreszente bat injektatu diete saguei garunean, eta ikusi dute fluidoa, lo eta anestesiatuta zeudenean, % 30 eta % 50 motelago garbitzen zela, hurrenez hurren, esna zeudenean baino.
Ikertzaileek esperimentuaren emaitza azpimarratu dute. Izan ere, uste izatekoa da pertsonetan ere antzera gertatuko dela, eta alzheimerrean, adibidez, garrantzi handia ematen zaio loari. Hain zuzen, erlazioa dago lo gutxi egitearen eta alzheimerra garatzearen artean, nahiz eta oraindik ez dagoen argi zein den zeinen kausa eta ondorio. Aditu batzuen iritziz, loezak toxinak garbitzea eragotziko luke, eta horrek areagotu egingo zukeen alzheimerra izateko arriskua. Oraingo ikerketak erakutsi duenez, ordea, azalpen hori ez da zuzena.
Nolanahi ere, ikertzaileek ez dute baztertu loak izan dezakeela eragina alzheimerrean eta dementzian.
Elhuyarrek garatutako teknologia