RUDOLF DIESEL

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Asmatzaile alemaniar hau Parisen jaio zen 1858. urteko martxoaren 18an. Ikasketak Frantzian eta Alemanian egin zituen, bere gurasoak alemaniarrak zirelako. Oso ikasle ona izan zen eta beka bat ere lortu zuen Municheko Eskola Politeknikorako, bertan hozkailuetan aditu zen Carl von Linde-ren babespean egon zelarik.

Bi urtez, mekanikari gisa aritu zen lanean Winterthur-en (Suitzan) eta ondoren Parisera itzuli zen nazioarteko hozketa-enpresa batentzat termologi injineru, instalatzaile eta saltzaile gisa lan egitera.

Dieselen asmakari garrantzitsuena, Diesel motorea izan zen. 1890ean barne errekuntzako motoreekin saiakuntzetan hasi zen, eta 1897. urtean, orain Diesel motoreaz ezagutzen dena egin zuen. Prototipotzat hartu zen motore hura, eztanda-motoreen (Otto motoreen) tankerakoa zen, baina ez zuten berdin funtzionatzen. Otto motoreek bujiako txinpart baten bidez errekinaren eta airearen nahastea lehertaraziz funtzionatzen dute. Diesel motoreetan aldiz, airea konprimatu egiten da ondoren errekina nahasten zaiolarik. Momentu horretan, nahastea bera bakarrik txinpartarik eta bujiarik gabe pizten da.

Hau da, hain zuzen, gasolinazko eta gasoliozko motoreen artean dagoen diferentzia nagusia. Gasolinazko motorean karburadorean nahastutako airea eta errekina batera sartzen dira zilindrora, eta pistoiak nahastea konprimatzen duenean bujian txinparta atera eta eztanda sortarazten da. Gasoliozko Diesel motorean ordea, zilindrora aire hutsa sartzen da, eta pistoiak gasolinazko motorean baino gehiago konprimatzen duelako asko berotzen da. Konprimatutako airea oso bero dagoenean, gasolioa ihinztatuta injektatzen zaio barnera eta txinpartik gabe berez eragiten da eztanda.

Diesel jaunak bere motorea egiteko behar zuen diru-laguntza Estatu Batuetako Saint Louis-ko garagardozale batek eman zion, eta horregatik, lehen Diesel motorea Estatu Batuetan egin zen.

Motore honek zituen abantailak ondoko hauek ziren: olio astunagoak edo gasolioa erabiltzeko aukera, motorearen bolumena txikiagoa izatea, motoreak kerik ez ateratzea, errekina merkeagoa izatea eta seguruagoa izatea. Baina garai hartan bazituen bere desabantailak ere: Diesel motorea astuna zen eta ez zuen balio Ford-ek egindako automobil arinentzat; ezta hegazkinentzat ere.

Hala eta guztiz ere, asmakari honek itsas armadaren arreta erakarri zuen eta Britainiar Almirantegoak gonbidaturik 1913. urteko irailaren 29an Dresden itsasuntzian itsasoratu egin zen Anberesen. Portu honen eta Harwich-en arteko bidaian ustegabean itsasora erori zen eta itota hil zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila