RNAk kolokan jar ditzake Mendelen legeak

RNAk kolokan jar ditzake Mendelen legeak
2006/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Duela 140 urte, Gregor Mendel austriarrak herentzia genetikoaren oinarrizko arauak aurkitu zituen. Gero, biokimikariak ohartu ziren geneen kimika dela arau horien zergatia. Baina azken hamarkadan arau horiek betetzen ez dituzten hainbat kasu identifikatu dituzte. Beraz, biokimikariek berriz aztertu behar izan dute kasu horietako kimika, eta aurkitu dute RNA molekulak ere har dezakeela parte herentzia genetikoan.

Ikerketa saguetan egin dute, animaliaren kolorea kontrolatzen duen gene batekin. Sagu bakoitzak genearen bi kopia ditu, bata aitarengandik eta bestea amarengandik jasoa, eta, bi kopia horiek mutatuta baditu, sagua jaio eta segituan hiltzen da. Baina mutazioa gene bakarrean badago, saguak bizirik iraungo du; hori bai, mutazioak aztarna bat utziko dio: hankak eta isatsa zuriak izango ditu.

Kasu horrek Mendelen legeak betetzen ditu. Baina biokimikariek aurkitu dute hankak eta isatsa zuriak dituzten hainbat saguk ez dutela mutaziorik geneetan. Kasu horiek Mendelen legeen kontrakoak dira. Frantziako biokimikari batzuek aurkitu dute kasu horretan RNA molekula ere heredatzen dela, hau da, geneez gain beste zerbait ematen diotela gurasoek kumeari. Biokimikarien ustez, RNA hori aitaren esperman transmititzen da, baina ideia hori baieztatu gabe dago oraindik. Nolanahi ere, transmisio horren ondorioz, seme-alabek gaixotasun genetikoak gara ditzakete, gurasoengandik mutatutako generik jaso gabe.

1
222
2006
7
019
Genetika; Biokimika
Berriak labur
9
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila