RNA zirkularra, geneen erregulatzaile

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Orain gutxi arte ia ezezagunak ziren RNA zirkular batzuek geneen erregulazioan parte hartzen dutela argitu dute Nature aldizkarian argitaratutako bi lanek (1, 2). MikroRNA izeneko modulatzaileak xurgatzen dituen “belaki” gisa jokatzen dute.

Azken bi hamarkadetan, RNA mota berri asko agertu dira, baina ia beti linealak. Landareetan eta animalietan RNA zirkularrak agertu izan direnean, akats esperimental edo genetiko gisa hartu izan dira. Ohiko sekuentziazio-teknikek RNA-ren “buztan” bereizgarri batzuk bilatzen dituzte, eta, beraz, horrek ere ez du lagundu RNA zirkularrak aurkitzen. Baina sekuentziazio-teknika berriekin gero eta gehiago agertuz joan dira. Eta iaz, Stanford Unibertsitateko ikertzaileek argitaratu zuten gizakietan ugariak direla.

Orain, Berlingo Max Delbrück Zentroko eta Danimarkako Aarhus Unibertsitateko ikertzaileek 1.500 nukleotidoko RNA zirkular bat aztertu dute, eta ikusi dute miR-7 mikroRNA lotzeko 70 leku dituela. MikroRNA molekulek geneak blokeatzen dituzte, eta, beraz, RNA zirkularrak blokeatzailea blokeatuko luke. Hala ere, ikertzaileek uste dute, hau adibide bat besterik ez dela, eta hainbeste RNA zirkular egonik, beste funtzio asko ere izan ditzaketeela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila