Prozesadore fotoniko batekin gailentasun kuantikoa lortu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

prozesadore-fotoniko-batekin-gailentasun-kuantikoa
Borealis prozesadore fotonikoaren eskema. Arg. Jonathan Lavoie et al./Nature

Prozesadore fotoniko programagarri batekin gailentasun kuantikoa lortu dute ikertzaile kanadiar batzuek. Prozesadore berria garatzeko hainbat hobekuntza egin dituzte, eta aurrerapauso garrantzitsua izan liteke ordenagailu kuantikoak eskuragarriago izateko.

Konputazio kuantikoko gailuek ordenagailu klasikoek ia konpondu ezin dituzten problemak ebazteko duten gaitasunari esaten zaio gailentasun kuantikoa (edo abantaila kuantikoa). Abantaila neurtzeko erabiltzen den esperimentuetako bat bosoien laginketa da. Esperimentu horretan fotoiak ispiluen eta lenteen sare korapilatsu batean zehar hedatzen dira. Hori egitean sortzen den probabilitate-banaketa azaltzeko, kalkulatzeko oso zailak diren aldagai askoko ekuazioak behar dira.

Aurretik egin diren beste esperimentuetan gehienez 113 fotoi detektatzea lortu izan dute. Oraingo honetan, berriz, 219 fotoitara iritsi dira (125eko batezbestekoarekin). Eta prozesadoreak 36 mikrosegundo behar ditu lan hori egiteko. Lan bera egiteko superordenagailu batek, egon litekeen algoritmo klasiko onenarekin ere, 9.000 urte beharko lituzkeela kalkulatu dute. Nature aldizkarian eman dituzte emaitzak.

Lehenengo aldia da prozesadore fotoniko batekin gailentasun kuantikoa lortzen dena (aurreko aldietan beste gailu-mota batzuekin lortu izan da). Hainbat hobekuntzari esker, prozesadore fotonikoek zituzten mugak gainditu dituzte, eta bai orain arteko emaitzarik onena lortu ere. Egin dituzten hobekuntzen artean garrantzitsuena da prozesadorea guztiz programagarria dela. Azaldu dutenez, bide interesgarria izan liteke ordenagailu kuantiko bideragarriagoak egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila