1998. urtean Frantziako gobernuak Polinesia Frantseseko agintarien esku utzi beharko ditu 1975. urteaz geroztik saio nuklearrak burutzeko erabili dituen azpiegiturak. Eta, noski, egoera onean bueltatu beharko lituzke eremu horiek. Ezinezkoa izango da, ordea, Mururoan eta Fangataufa atoloietan sortutako kalteak bi urtetan berreskuratzerik ez baitago.
Frantziako Armadako ikertzaileak ez dira iritzi berekoak. Bere esanetan, ez dago batere arriskurik, ez dago poluziorik eta artxipelagoko segurtasun-baldintzak erabatekoak omen dira. 1960. urtean kontrolik gabe askatu zen material erradioaktiboa erabat kontrolaturik omen dago eta uhartearen egituran ez omen dago poluzio-aztarnarik.
Omen, behin eta berriro. Izan ere, 1985. urtean jadanik arazo larria zen bi atoloi hauetako egoera. Jacques Cousteauk urte horretan burutu zuen ikerlanaren arabera, artxipelagoaren egitura iragazkorrak kalte larriak zituen, gehienak, bederen, saio nuklearrek eraginda. Eta geroztik, noski, kalte horiek ez dira konpondu.
Egoera nolakoa den benetan aztertzeko, beraz, Nazio Batuen Erakundeko Energia Nuklearrerako Agentziako ikertzaileak lanean hasiko dira aurki. Laginak aterako dituzte eta Frantziako ikertzaileek erabilitako materiala berraztertuko dute. Nolanahi ere, zaila izango da egoeraren definizio zehatza erdiestea; izan ere, saio nuklearrek eragindako kalteak ez dira berehala nozitzen eta, batez beste 30 urteko eragin-tartea behar izaten dute.
1975. urtean hasi zen Frantziako gobernua Polinesia Frantseseko uharteetan saio nuklearrak egiten eta aurten bertan amaitu dira bere esperimentuak. Tarte horretan, 123 leherketa nuklear egin dituzte Mururoan eta zortzi Fangataufan.