Plazentan mikrobiorik ez

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

plazentan-mikrobiorik-ez
Arg. Ed Uthman / CC-BY 2.0

Gizakion plazenta osasuntsuetan ez dago mikroorganismorik, Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera. Hala, azkenaldian zalantzan zegoen plazenta esterilaren hipotesiaren alde egiten du ikerketa honek.

Haurren lehen gorozkiak mikrobioz beterik egoten dira, baina ez dago argi erditzean eta ondoren kolonizatzen duten mikroorganismoek haurra, edo umetokian hasten den kolonizazio hori. Aspalditik uste bazen ere plazenta mikroorganismorik gabeko gunea zela, azken urteetako ikerketa batzuek bakterioen DNA aurkitu eta iradoki dute litekeena dela mikroorganismoetan aldea egotea haurdunaldi osasuntsuen eta arazoak dituztenen artean. Beste ikerketa batzuek, ordea, iradoki dute kontaminazioaren ondoriozko positibo faltsuak direla plazentan aurkitutako bakterio-DNA horiek.

Izan ere, denak bat datoz mikroorganismoak egotekotan oso gutxi daudela, eta, horregatik, zaila da kontaminazioetatik bereiztea. Orain, inoizko ikerketa zabalena egin dute 537 emakumeren plazenta-laginekin, eta kontaminazioa saihesteko ahalik eta neurri zorrotzenak hartuta. Aldi berean, kontaminazio-iturriak zein izan daitezkeen eta nola gerta daitezkeen ere aztertu dute. Eta ondorio garbia atera dute: haurdunaldi osasuntsuetan plazentan ez dago mikroorganismorik, eta kontaminazio-arazoek azaltzen dituzte aurretik egindako detekzioak. Hala, oraindik argitzeke dago nola hasten den haurraren eta bere mikrobiotaren arteko sinbiosia, baina badirudi plazenta ez dela horretarako bidea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila