Zabortegietara botatzen diren plastikoetako batzuk erregai bihur daitezke. Klorurozko oinarria dutenak dira Japoniako Toshiba enpresak asmatutako prozesuaren helburu. Kloruroetan oinarritutako termoplastikoak, PVCak adibidez, ezin dira gaur egungo prozesuen bidez tratatu; osagai toxikoak (hots, hidrogeno kloruroak) emititzen baitituzte.
Plastikoetan % 20, gutxi gora-behera, klorurozko termoplastikoak dira eta termoplastikorik gehienak ez dira berez deskonposatzen.
Toshibaren prozesuaren abantaila, termoplastiko-mota guztietan erabili ahal izatea da. Baina, hondakin-plastikoetako osagai arrunta den epoxi erretxina ezin da deskonposatu eta ezabatu beharra dago. Hau da, hain zuzen ere, plastiko-birziklapenak duen oztoporik zailenetakoa. Toshibaren prozesuan termoplastikoak hauts bihurtzen dira eta ondoren, olio-bainu batera sartu eta 400 °C-raino berotzen dira, tenperatura honetan deskonposatu egiten direlarik. Une horretan sodio hidroxidoa eransten zaio nahasteari. Hidroxido honek kloroa hartu eta sodio kloruroa sortarazten du.
Presio atmosferiko normalean plastikoa puskatu egiten da, luzera desberdinetako karbono-kateak sortuz. Presio atmosferikoa baino hamar aldiz presio handiagoa duen erreaktore batean sortzen diren karbono-kateak seitik zortzira bitartekoak dira. Gasolinek eta gasoilek aipatu tamainako hidrokarburo-kateak dituzte.
Toshibaren Ingurugiro-injinerutzako laborategiko zuzendari den Masao Koiama-k dioenez, sistemak erabiltzen duen energia, prozesuaren bukaeran ematen duenaren herena da. Beraz, prozesua merkataritza aldetik bideragarria dela frogatzen da.
Hala ere, Koiamak azpimarratzen duenez, emaitzak laborategi-mailakoak dira. Sistema merkaturatzeko urte-pare bat beharko da oraindik.