Plastiko-hondakinak % 90 murriztu litezke politika jakinen bidez

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

plastiko-hondakinak-90-murriztu-litezke-politika-j
Plastiko-zabortegi bat, Javan (Indonesia). Arg. Tom Fisk / Pexels

Erremediorik jartzen ez bazaio, munduko plastiko-hondakinak bikoiztu egin litezke 2050erako, simulazio berri batek iragarri duenez. Baina badago aukera hori aldatzeko; hain zuzen ere, simulazio horren arabera, esku-hartze politiko global jakin batzuen bidez plastiko-hondakinak % 90 murriztea lor daiteke, eta horiekin lotutako gas-isuriak heren bat murriztea. Science aldizkarian argitaratu dute lana.

Ikertzaileek ikasketa automatikoko eredu bat garatu zuten, 2050era arteko plastikoaren ekoizpenaren, merkataritzaren eta hondakinen kudeaketaren joerak iragartzeko. Eta  hondakinak eta emisioak arintzeko balio lezaketen zortzi esku-hartze politikoren efektuak ere simulatu zituzten. Hala, kalkulatu dute, ezer egiten ez bada, gaizki kudeatutako plastiko-hondakinak —behar bezala birziklatzen edo ezabatzen ez dena eta poluzio gisa amaitzen duena— bikoiztu egingo direla 2050erako, 121 milioi tonatara iritsita. Eta plastikoari lotutako berotegi-efektuko gasen isuriak % 37 handituko direla.

Bestalde, ikusi dute lor litekeela gaizki kudeatutako hondakin horiek % 90 murriztea, lau politika hauen bidez: plastikozko produktu berriak %40 plastiko birziklatuarekin egitea behartzea; plastiko berrien ekoizpena 2020ko mailara mugatzea; hondakin plastikoen kudeaketan nahikoa inbertitzea —zabortegietan eta hondakinak biltzeko zerbitzuetan, esaterako—; eta plastikozko ontzi eta bilgarriei zerga txiki bat ezartzea. Gainera, politika horiek onura klimatiko nabarmena izango lukete, plastikoari lotutako isuriak heren bat murriztuko bailirateke, 300 milioi errekuntza-motordun autok isurtzen dutena adina.

Ikertzaileek azpimarratu dute emaitza horietatik argi eta garbi ondorioztatzen dela, borondate politikoa badago, potentzial tekniko nahikoa dagoela gaizki kudeatutako hondakin plastikoak ia erabat murrizteko eta horrekin lotutako arazo larrienetako batzuei irtenbideak emateko. 

Mezu hori bidali dute Busanera; Koreako Errepublikako hiri horretan elkartuko baitira, azaroaren 25etik abenduaren 1era bitartean, 190 herrialde baino gehiagotako ordezkariak plastiko-kutsadurari buruzko munduko itun juridikoki loteslearen azken xehetasunak lantzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila