Plastikoen kutsadura murrizteko nazioarteko akordio loteslea, bidean

plastikoen-kutsadura-murrizteko-nazioarteko-akordi
Arg. PxHere

Nazio Batuen Ingurumen Batzarrak plastikoaren kutsadura murrizteko neurriak hartzea erabaki du: ebazpen bat sinatu dute 175 herrialderen ordezkariek, eta 2024an juridikoki loteslea izango den nazioarteko akordioa sortzeko konpromisoa hartu dute. Urtetako negoziazioak behar izan dira, baina, azkenik, lortu dute adostasun batera iristea.

Nazio Batuen Erakundeak hondamenditzat jo du jada plastikoaren ekoizpenak eta kutsadurak eragiten dituzten arazoak. 2021an 461.100.000 tona plastiko sortu dira, eta ekoizpena ikusita, aurreikusi du 2040rako bikoiztu egingo direla plastiko-hondakinak. Une honetan, jada 140.000.000 tona plastiko daude munduko ibai eta ozeanoetan barreiatuta. Hala, plastikoaren arazoa planetak bizi duen larrialdi hirukoitzaren baitan kokatzera deitu du: klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera eta kutsadura.

Bestetik, gogorarazi du mikroplastikoen kutsadurak zuzenean giza osasuna kaltetzen duela, azken urteotako ikerketa zientifikoek frogatu duten moduan: giza ugalkortasunean arazoak sortzen dituzte, eta jarduera hormonala, metabolikoa zein neurologikoa ere kaltetzen dute.

Testuinguru horretan, ekonomia zirkularrerako aldaketa behar-beharrezkoa dela adierazi du Nazio Batuen Ingurumen Batzarrak, eta zenbakitan jarri du: ozeanora iristen den plastiko-kantitatea % 80 murriztuko litzateke, plastiko berriaren ekoizpena % 55, eta berotegi-efektuko gasak % 25. Beraz, nazioarteko erakundeak uste du garrantzitsua dela lortutako hitzarmena, plastikoak dituen onurak aprobetxatu, baina ez dezan planeta eta haren etorkizuna kondenatu.

Zuzenean, erabilera bakarreko plastikoak ezabatzeko deia egin du. Eta bi gako garrantzitsu azpimarratu ditu: juridikoki loteslea izango den hitzarmen horrek jaso beharko ditu plastikoen bizi-ziklo osoa kudeatzeko une honetan dauden alternatibak –produktu eta material berrerabilgarri eta birziklagarrien diseinutik abiatuta–, eta nazioarteko elkarlana eman beharko da, ezinbestean, behar diren teknologiekiko irismena erreala izan dadin herrialde guztietan. Nazioarteko akordioa 2024aren bukaeran adosteko konpromisoa hartu dute.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.