Gehien erabiltzen den bioplastikoa itsasoan nola degradatzen den aztertu dute, eta ikusi dute urte bat baino gehiago irauten duela batere degradatu gabe. Plos ONE aldizkarian eman dute horren berri.
Plastikoak ingurumenean sortzen dituen arazoen irtenbide gisa erabiltzen dira bioplastikoak. Erabiliena PLA da. Artotik, maniokatik, erremolatxatik eta abar abiatuta ekoizten da, eta biodegradagarri eta konpostagarri gisa etiketatzen da. Baina, gauza bat da kondizio industrial jakinetan degradagarria izatea, eta, bestea, ingurumenean. Hain zuzen ere, itsasoan zer gertatzen den jakiteko egin zuten ikerketa hau.
Hamar ehun-mota aztertu zituzten: zuretik eratorritako zelulosaz egindako ehunak, kotoizkoak, PLAz eginak, petroliotik eratorritako plastikoak (polietilenoa, polipropilenoa eta tereftalatoa) eta petroliotik eratorritakoen eta zelulosazkoen nahasteak. Horiek guztiak ohikoak dira ehungintzan, bilgarrietan eta abarretan.
Ehun horiek itsasoaren azalean eta itsas hondoan, 10 metro inguruko sakoneran, jarri zituzten. Eta zazpi egunean behin aztertu zituzten laginak laborategian. Ikusi dute zelulosaz eta kotoiz egindakoak hilabete batean degradatzen direla; eta, PLAn eta eta petroliotik eratorritakoetan, berriz, ez zuten degradazio zantzurik topatu, esperimentuak iraun zuen 424 egunetan.
Emaitzok ikusita, ikertzaileek aldarrikatu dute material bat biodegradagarri edo konpostagarri gisa sailkatzeko, beharrezkoa dela materialak ingurumenean nola degradatzen diren jakiteko azterketak estandarizatzea. Izan ere, kondizio jakin batzuetan degradagarriak izanagatik, ingurumena poluitzen dute horiek ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia