Planck misioaren emaitzek ezbaian jarri dute inflazio kosmikoaren frogatzat jotako seinalea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

planck-misioaren-emaitzek-ezbaian-jarri-dute-infla
PLancken izarrarteko hautsaren mapa; ezkerrekoa, ipar hemisferioa, eta eskuinekoa, hego hemisferioa. Hauts gutxi duten eremuak urdinez ageri dira, eta asko dutenak, gorriz. Lauki zuzenak BICEP2k aztertutako eremua erakusten du: ez du hauts gutxi. Arg. Planck/ESA

Astrofisikari askok itxaroten zuten ikerketa ezagutarazi du ESAk: Planck misioaren izarrarteko hautsaren mapa. Mapa horretan, hautsak sortzen duen polarizazioa agertzen da, eta ikusmin handia zegoen ikusteko ea Plancken datuak bat ote zetozen BICEP2 teleskopioarenekin. Hain zuzen ere, teleskopio horren bidez jasotako datuetan, inflazio kosmikoaren frogatzat jo zen seinale bat agertzen zen. Plancken emaitzen arabera, ordea, baliteke seinale hori hautsak sortua izatea.

BICEP2ren emaitzak martxoan jakinarazi zituzten. Emaitzak berretsi arte zuhurrak izatea komeni zela gogoratu zuten arren, aztoramendu handia sortu zen. Izan ere, ez zen gutxiagorako: emaitzak zuzenak izanez gero, Big Bangaren ondorengo grabitazio-uhinen seinale izango lirateke, eta, horrekin, inflazioaren teoriak aurreikusitakoa baieztatuko litzateke.

Alabaina, Planck misioko irrati-teleskopioek jasotako datuek erakutsi dute BICEP2k aztertutako eremuan hautsak sortutako polarizazioa BICEP2koek uste zutena baino handiagoa dela. Horrenbestez, litekeena da BICEP2k grabitazio-uhinen arrastotzat hartutako seinalea ez izatea esanguratsua.

Dena dela, Planckek eta BICEP2k maiztasun desberdinetan egin dituzte detekzioak, eta, bien emaitzak alderatu ahal izateko, Planckek estrapolatu egin ditu datuak. Hortaz, ez dute BICEP2ren datuak ezeztatzeko adina sendotasunik.

Hori horrela izanda ere, aditu batzuek hasieratik susmatu dute BICEP2ren ondorioak ez zirela zuzenak. Jon Urrestilla kosmologoaren esanean, adibidez, “detektatutako seinalearen magnitudea handiegia zen, espero zenarekin alderatuta. Hain zuzen, hainbat esperimentu daude diseinatuta grabitazio-uhinak topatzeko, eta denek magnitude txikiagoak bilatzen dituzte”.

Horrenbestez, Urrestilla ez da harritu Plancken emaitzak ikustean: “Planckenak baino lehenago beste ikerketa pare bat ere atera dira, BICEP2ak detektatutakoa hautsak azal zezakeela erakutsiz, eta orain, Planckek, susmo hori indartu du”. Hala eta guztiz ere, garbi utzi nahi izan du BICEP2ren emaitzak okerrak izateak ez duela esan nahi inflazioaren teoria okerra denik. “Planckek dioena egia bada, BICEP2ren emaitzak jakin aurreko egoeran gaude, hau da, teoria frogatzeko dago oraindik”, zehaztu du.

Azarorako iragarri dituzte BICEP2k eta Planckek elkarrekin egindako ikerketaren emaitzak, eta baliteke orduan argitzea auzia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila