Pirinioak mahai gainean

Pirinioekin zerikusia duten Autonomi Elkarte, Erregio eta Estatu guztiez osatuta dagoen Pirinioetako Lan Elkarteak, “Garapen eta ingurugirorako Pirinioetako lehen topaketak” izenburupean, Pirinioen etorkizunak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatzeko kongresua antolatu zuen pasa den azaroan.

Kongresu horretan, politikari eta administrazioetako teknikariak ezezik, orain arte nahikoa baztertuta egon diren arren, Pirinioetako gai guztiez zeresana duten hainbat kolektibok parte hartu ahal izan zuen (hala nola, ikerlariek, naturzaleek, bertako biztanleek, ekologistek, etab.ek) horretarako prestatu ziren hamar lantegietan.

Bertan atera ziren ondorioen azterketa sakonak iritzizko atal honek eskaintzen didan lekua baino askoz ere gehiago beharko lukeela jabetu arren, nire ustez argi eta garbi geratu ziren hiru puntu nagusiak azpimarratu nahi nituzke:

  • Erabateko adostasuna lortu zuen ondorioetako bat, Pirinioetako mendilerroa unitate bakar bat bailitzan tratatzea izan zen. Lantegi desberdinetako eztabaidetan entzun zen demanda hau, eta planteamendu lokalista eta estatalistak gaindituz, mugarteko lankidetza serio eta iraunkorretan oinarrituz planifikazio globalak bultzatu behar direla azpimarratzen zen behin eta berriz.
  • Giza baliabideen garrantzia izan zen kongresuko orrialde eta ordu ugari hartu zuen beste alderdi bat. Ildo honetan, azken urte hauetan Pirinioetako biztanleriak izan duen galerak, baliabide naturalekiko oreka ezin hobea erakutsi duen bizimodua desagertzear dagoela eta horrek sortzen duen kezka handia dela beldur gabe esan daiteke. Luze eztabaidatu zen dinamika horri buelta emateko hartu behar ziren neurriez; argi geratu zen betiko bizimoduko alderdi positiboak eta garapenak dakartzan hobekuntza onargarriak txertatzea dela egoerari buelta emateko biderik egokiena.
  • Pirinioetako balio natural ikaragarriak ere, eztabaidetako zati garrantzitsua bete zuten. Ildo honetan aipagarria da burutzen ari diren, eta etorkizunean burutu daitezkeen, azpiegitura-lanek (Itoitz, Somport,...) kolektibo guztiengan, politikoengan izan ezik, kezka handia sortzen dutela.

Babesturiko Inguru Naturalen kantitatea, gestioa eta ustiapena ere, gai polemikoak izan ziren; gaur egun izendatuta dauden inguru babestuek Pirinioetako ondare natural eta ekologikoa erabat babesten ote duten galderaren aurrean eszeptizismoa nagusi izan baitzen. Egungo egoera hobetzeko hartu behar ziren neurriez hitz egin zenean hiru izan ziren aipatuenak: bertako biztanleriaren inplikazioa Ingurune Babestuen gestioan, babesteko figurak Pirinio osoan homogenotzea, eta isolamendu genetikoa saihestu asmoz, babestutako inguruneen arteko pasabide biologikoak eratu beharra.

Eta guzti honen ondoren, zer?

Hauxe da kongresua amaitu ondoren bertan parte hartu genuen askoren buruan zebilen galdera. Hau da, hiru egun hauetan eztabaidatu denarekin aski al da oraingo joerari buelta emateko?

Nire ustez ez, eta Topaketen zabalpen-ekitaldian Espainiako eta Frantziako estatuetako ordezkariek egin zituzten interbentzioak dira horren lekuko. Hauetan, argi eta garbi utzi zuten Pirinioetako Lan Elkarteari ez ziotela inolako baliorik ematen eta bakoitzak berearekin ihardungo zuela jakinarazi zuten, foru horretan lortzen ziren ondorioak eta hartzen ziren erabakiak zirenak zirela ere, kongresuari hasiera eman aurretik mugarteko lankidetzari ateak itxi zizkietelarik.

Beraz, ez dezagun espero kongresu honen ondorioz ezer aldatuko denik, eta are gehiago esango nuke gainera: ez nintzateke harrituko eraso gehiago edo ondare naturalaren kontserbazioarekin elkartezin diren garapen-motak bultzatzeko erabilia izatea; kongresua amaitu ondoren politikarien artean edozein gauza egiteko eskuak libre dituztelako ideia oso hedatua baitago.

Hitz gutxiago eta borondate gehiago da Pirinioek behar dutena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila