Peter D. Lax matematikari estatubatuarrari eman diote 2005eko Abel saria, matematikariek jaso dezaketen saririk ospetsuena; batzuetan, Nobel sariaren ordezkotzat hartu izan dute, ez baitago Matematikako Nobel saririk. Laxek ekuazio diferentzialen arloan egindako lanarengatik jaso du saria.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan, ekuazio diferentzial ez-linealen teoriaren oinarria finkatu zuen, eta horiek ebazteko metodo numeriko asko garatu zituen. Lan horren garrantzia ez da teorikoa bakarrik; problema errealetan azaltzen diren ekuazio diferentzial asko dira ez-linealak. Horregatik izan du Laxen lanak hainbesteko ospea, teoria eta aplikazioak lotu dituelako. Hain zuzen ere, horregatik jaso ditu beste hainbat sari, Amerikako Matematika Elkartearen Steele saria, besteak beste.