Zenbait intsekturen kontra masiboki erabili izan den DDT izeneko intsektizida giza osasunarentzat kaltegarria da oso, EEBBetako EPA Ingurugiro Agentziak Nature aldizkarian argitaratu duen ikerlanaren arabera.
Jakina denez, DDT izeneko pestizidak gaixotasun tropikalak kutsa ditzaketen intsektuen kontra erabili izan zen berrogeiko eta hirurogeiko hamarkaden artean herrialde industrializatuetan Gerora, eta ordezko pestiziden bideragarritasuna frogatu ahala, produktu horren erabilpena mugatuta geratu zen. Nolanahi ere, garapen-bidean dauden herrialde gehienetan DDTa da oraindik zenbait intsekturen kontrako irtenbide bakarra eta masiboki erabiltzen da.
Jakin berri dugunez beraz, erabilera horren ondorioak oso larriak izan daitezke epe motzera. EPA-ren txostenak dioenez, DDTak ondorio kaltegarriak eragiten ditu gizakion eta animalien ugal-aparatuetan. Laborategian baieztatu denaren arabera, DDTaren osagaietako batek, p-p-DDE izenekoak, testikuluek jariatzen duten hormona androgenoaren, hots, testosteronaren ekoizpena mugatu egiten du.