Pentsamendua eta gorputza integratzen dituen sare bat identifikatu dute garunean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

pentsamendua-eta-gorputza-integratzen-dituen-sare
Gorputzeko funtzio batzuk eta pentsamendua integratzen dituen sare bat identifikatu dute. Arg. Sara Moser/Washington University

Garuneko gune motorrak, hau da, mugimenduaz arduratzen diren eremuak, erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez aztertuta, orain arte ezagutzen ez ziren sare batzuk aurkitu dituzte Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek. Sare horiek pentsamenduarekin eta planifikazioarekin zerikusia duten guneak eta gune motorrak eta ez-borondatezko funtzio batzuek (bihotz-taupadak, presio arteriala, digestioa, arnasketa) konektatzen dituzte, eta pentsamenduaren eta gorputzaren arteko erlazio estuaren funtsa dira.

Integrazio horrek azalduko luke, adibidez, zergatik antsietatea duten pertsonek alde batetik bestera ibiltzeko joera izaten duten batzuetan, edo zergatik ariketa fisikoak on egiten dion buru-osasunari. 

Sare aurkitu berriari SCAN deitu diote (somato-cognitive action network), eta ikerketa irekian argitaratu dute, Nature aldizkarian. Azaldu dutenez, Penfield eta haren lankideek 1930eko hamarkadaren hasieran egin zuten mapa izan da ikerketaren abiapuntua. Mapan, gorputz-atal bakoitzaren mugimendua garuneko zein eremuk kontrolatzen zuen zehaztu zuten, elektroestimulazioa erabilita. Penfielden homunculusa ere deitzen zaio, eta neurozientziako ikasketen oinarria bihurtu da.

Penfielden mapa berritua

Mapa berrikusteko asmoz, ikertzaileek erresonantzia magnetiko funtzionala (fMRI) erabili dute. Lehenik, zazpi boluntarioren mapa xeheak egin dituzte, bai egonean zeudenean, bai jardunean ari zirela. Gero, fMRI-en datu-base publiko erraldoietan bildutakoekin alderatu dituzte: Giza Konektomaren Proiektua, Nerabearen Garapen Kognitiboaren Azterketa, eta Erresuma Batuko Biobankua. Guztira, 50.000 pertsona ingururen datuekin, beraz.

Horrela ikusi zuten Penfielden mapa ez zegoela guztiz ondo. Oinen, eskuen eta aurpegiaren gune motorrak zuzen identifikatuta zeuden, baina hiru gune horiekin batera beste hiru zeuden. Hiru horiek ez zuten, itxuraz, zerikusirik mugimenduarekin, area motorrean zeuden arren. Gainera, gune motorrak baino meheagoak ziren, eta estu lotuta zeuden elkarren artean eta beste funtzio batzuekin zerikusia zuten eremuekin; zehazki, funtzio abstraktuekin (pentsamendua, planifikazioa, mina) eta ez-borondatezko funtzioekin (organoen kontrola, presio arteriala, bihotz-taupadak).

Horretan oinarrituta, SCAN sarea identifikatu dute. Haurren garunetan ere aztertu dute: jaioberriaren garunean ez da detektatzen; urte bateko haur batean, bai; eta heldu batenaren antzekoa da 9 urteko haur batean. Makakoetan ere azaltzen dela ikusi dute, baina gizakietan baino ahulagoa da.

Ikertzaileen esanean, SCAN eremuek gizakietan duten hedapenak gizakion ekintza konplexuetan garrantzitsua dela adierazi dezake; adibidez, hitz egiteko, arnasketa koordinatzea, edo, tresnak erabiltzeko, eskuaren, gorputzaren eta begien mugimendua integratzea. Lesioak saihesteko eta alostasia mantentzeko ere funtsezkoa dela iradoki dute. 

Ikerketak gorputzaren eta pentsamenduaren arteko erlazioa aztertzeko eta ulertzeko bide berri bat ireki du.

 

--> Gorputzaren eta pentsamenduaren arteko erlazioaz gehiago jakin nahi izanez gero: Gorputza ere bagara

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila