Teknika berriak erabiliz, itsasoren azidotasuna satelite bidez neurtu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Lehen hurbilketa bat da, eta bere mugak ditu, baina oso baliagarria izan liteke ozeanoen azidotze globalaren jarraipena egiteko. Environmental Science and Technology aldizkarian argitaratu dute lana.
Atmosferara isurtzen dugun CO2-aren laurdena xurgatzen du itsasoak, eta prozesu horretan ura azidotu egiten da. Hori ondorio kaltegarriak izaten ari da hainbat ekosistematan. Azidotze horren jarraipena egiteko modu bakarra azidotasuna in situ neurtzea izan da orain arte. Horretarako kostu handia duten kanpaina ozeanografikoak egin behar dira, eta, gainera, eremu txikiak aztertzen dira normalean. Satelite bidez neurtu ahal izateak guztiz aldatuko luke hori. Dena den, ikertzaileek argi utzi nahi izan dute satelite bidezko neurketa hauek ez dituztela ordezkatzen in situ egiten direnak, besteak beste, haiek fidagarriagoak direlako, eta beharrezkoak satelite bidezkoak kalibratzeko.
Itsasoaren gainazaleko tenperatura, klorofila, eta gazitasuna neur daitezke gaur egun satelite bidez, eta datu horien bidez kalkulatu dute orain azidotasuna. Gazitasunaren neurketan egon da gakoa; izan ere, klorofila eta tenperatura aspalditik neurtzen dira satelite bidez, baina gazitasuna neurtzeko gaitasuna azken urteotan lortu da, ESAren SMOS (2009) eta NASA-CONAEren Aquarius (2011) sateliteekin. Ikertzaileek aitortzen dutenez “tresnak berriak dira, eta neurketa erronka bat da oraindik”. Bestalde, teknikaren mugetako bat da gainazaleko irudia bakarrik ematen duela. Hala ere, ozeanoen azidotzearen jarraipena egiteko bereziki garrantzitsua da gainazalean gertatzen dena; atmosferako CO2-a bertan xurgatzen baita.