COP26 klima-larrialdiari buruzko gailurra igaro berritan, Nazioarteko aditu-talde batek Ozeano Garbiaren Manifestua kaleratu du, Nazio Batuek ozeanoen arloan 2030erako jarritako helburuei bultzada bat emateko asmoz. Gaurtik azaroaren 19ra bitartean egingo den ozeanoen biltzarraren oinarria izango da, eta, helburuak zehazteaz gain, haiek lortzeko estrategiak diseinatuko dituzte.
Taldearen arabera, ozeano garbia lortzeko bidean eman beharreko lehen pausoa poluitzaileek egiten duten ibilbidea ikertzea da. Horrez gain, lehen poluzio-iturriak (itsas hondakinak, adibidez) neurri handi batean ezabatu beharko lirateke (% 50-90) ; eta isurien jatorrietara jo beharko litzateke, haiek murrizteko: zarata, konposatu kimikoen isuriak, plastikoak eta nekazaritzako hondakinak… Kontrol-neurriak zorroztea ere eskatzen dute, esaterako, atunaren merkurioa mugatuta; eta monitorizazioa hobetzea. Horrekin batera, teknologia garbien garapena ere bultzatzen dute.
Bestalde, prebentziorako eta kontrolerako araudiak sendotzea, eta praktika egokiak ezartzeko diru-laguntzak bideratzea proposatu dute, eta gizarteratzeari ere eman diote garrantzia, herritarren parte-hartzea nabarmenduz.
Dena den, 2030era itxaron gabe, 2025erako epe motzeko helburu jakin batzuk ere zerrendatu dituzte. Adibidez, garrantzitsua iruditzen zaie denek ozeano garbiaren ikuspegi berbera izatea. Helburu zehatzen barruan, poluzio-iturri nagusi guztiek ekosistemetan, organismoetan eta giza osasunean eragiten dituzten kalteak kuantifikatzea, eta ozeanoetara isurtzen diren produktu kimiko antropogeniko guztiak aztertzea proposatu dute.
Bestetik, kutsatze-maila onargarriak definitzea eskatu dute. Horretarako, espezieen eta ekosistemen tolerantzia-maila ondo ezagutu behar da. Gainera, lehentasunezko eremu geografikoak identifikatu behar direlakoan daude, hala nola eskualde polarrak eta hirietako kostak.
Oztopoak eta laguntzaileak ezagutzeari ere garrantzitsua irizten diote, baita arreta jartzea ere atzean gera daitezkeenetan. Horren barruan, herri indigenak eta uharteetako komunitateak aipatu dituzte, esaterako.
Etorkizuneko industriei dagokienez (turismoa, itsas hondoko meatzaritza, parke eolikoak…), erreferentziazko agertokiak garatzea proposatu dute. Eta kostuak kalkulatzea ere sartu dute 2025erako helburuen artean, beste batzuekin batera.
Elhuyarrek garatutako teknologia