Oxigenoa Eguzkian

Oxigenoa Eguzkian
2008/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA, Johnson Space Center)

NASAren Genesis zundak Eguzkiaren kanpoko geruzetako laginak hartu, eta Lurrera ekarri zituen, analizatu ahal izateko. Zoritxarrez, zundak istripua izan zuen; NASAko ingeniariek ez zuten zunda harrapatzerik izan atmosferan sartu zenean, 2004ko irailean, eta lurrazalaren kontra jo zuen Utahko basamortuan, Estatu Batuetan. Geroztik, astronomoek ahalegin asko egin dituzte zundak ekarritakoa berreskuratzeko eta osorik iraun duten laginak analizatzeko. Irudian ikusten direnetatik, besteak beste, Eguzkian dagoen oxigenoaren berri lortu ahal izan dute. Ezusteko bat aurkitu dute: oxigeno-16 isotopoaren proportzioa Lurrean baino handiagoa da Eguzkian.

Oxigenoaren isotopo ugariena da oxigeno-16a, baina ez da bakarra. Hori bezala, oxigeno-17a eta oxigeno-18a ere isotopo egonkorrak dira; nekez sortzen dira, ordea, eta, horregatik, oso proportzio txikian daude. Lurra planetan, oxigenoaren % 99,8 inguru da oxigeno-16a. Meteoritoetan, Marten eta Ilargian egindako neurketek antzeko emaitzak ematen dituzte. Baina Eguzkiko laginetan are handiagoa da oxigeno-16aren proportzioa.

Astronomoek uste dute Eguzkiaren datua eguzki-sistemak jatorrian zuen oxigenoaren isla dela. Hori egia izan ala ez, astronomoak lanean hasi dira oxigenoaren isotopoen banaketa Eguzkian eta Lurrean zergatik den ezberdina azaltzeko.

1
242
2008
5
025
Astronomia
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila