Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2017an argitaratu aldiz osasun publikorako arriskurik handiena duten patogenoen lehen zerrenda. Zerrenda hartan, pandemiak edo izurri larriak eragiteko gaitasuna duten patogenoak bildu zituzten, batez ere, bi irizpide hauetan oinarrituta: oso birulentoak eta transmisio errazekoak izatea, eta txertoak eta tratamenduak mugatuak izatea. Geroztik, behin baino gehiagotan berritu dute zerrenda; azkenekoz, uda honetan.
Zerrenda berrituan, 30 inguru lehentasunezkoak jo dituzte; tartean birusak daude, hala nola Sarbecovirusak (SARS-CoV-2a da haietako bat), T-baztanga, A gripea (H5 subtipoa barne) ,ebolarena, zika... baita bakterioak ere: kolerarena, disenteriarena, neumoniarena… “X gaitza” ere aipatzen dute, ezagutzen ez den patogeno batek sor dezakeena, alegia.
Zerrenda horrez gain, patogeno prototipoena ere egin dute. Patogeno horiek oinarrizko ikerketarako eta terapien eta txertoen garapenerako aukeratu dituzte. Adibidez, SARS-Co-V2a berria zen arren, aurrez antzeko birusekin egindako ikerketari esker, oso azkar garatu ahal izan zuten haren aurkako txertoa.
Orain, patogeno berrien jatorriei buruzko taldearen laguntzarekin (SAGO), OMEk nazioarteko marko bat argitaratu du, patogeno berrien jatorriak ikertzeko. Izan ere, lehendik badaude tresnak patogeno infekziosoak detektatzeko eta agerraldiak identifikatzeko, baina hau da lehena patogeno berrien jatorriari buruzko berariazko ikuspegiarekin.
Marko horrek hainbat alderdi biltzen ditu: ikerketa goiztiarrak, ikerketak gizakietan, gizakien eta animalien arteko transmisioa, intsektu bektoreak edo transmisio-iturriak identifikatzea, azterketa genetikoak eta filogenetikoak, eta biosegurtasunekoak. Baliabideak, zaintza-sistemetarako azpiegiturak eta araudiak ere jasotzen ditu markoak, sor daitezkeen izurriei ahalik eta azkarren erantzuteko, modu bateratuan.
Elhuyarrek garatutako teknologia