Osasun-arloa eta lanpostuak sortzea, hurrengo 15 urteetarako lehentasunak

Berrikuntza zientifikoa eta teknologikoa nora bideratu proposatu dute herritar europarrek

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Gizarteak zientziaz, ikerketaz eta berrikuntzaz duen ikuspegiari buruzko Eurobarometroaren inkesta bereziak bi gai nabarmendu ditu lehentasunezko europarrentzat: osasuna eta zainketa medikoak, eta lanpostuak sortzea. Horiek izan behar dute, alde handiz, berrikuntza zientifiko eta teknologikoaren lehentasunak hurrengo 15 urteetarako, europarren esanean.
osasun-arloa-eta-lanpostuak-sortzea-hurrengo-15-ur
Arg. Elhuyar

Urrian argitaratu da Eurobarometroren 419 inkesta berezia, gizarteak zientziaz, ikerketaz eta berrikuntzaz duen ikuspegiari buruzkoa. Sarreran jasotzen du nola, Horizon 2020 Ikerketa eta Berrikuntza programaren bidez, aurreko programa markoan baino 80.000 milioi euro gehiago bideratuko dituen Europako Batasunak ikerketara —% 30eko hazkundea—. Hain zuzen ere, jasota herritar europarrek non nahiko luketen jartzea arreta ikerketa zientifikoek, Eurobarometroaren inkesta berezia Horizon 2020 programarentzat lagungarri izan daitekeela adierazi dute txostenaren egileek sarreran.

Izan ere, hori da txostenaren langai nagusia: europarrentzat lehentasunezko gaiak zein diren identifikatzea, eta neurtzea arlo horiek hobetzeko zenbateko itxaropena duten berrikuntza zientifiko eta teknologikoan.

Hiru alderditan bildu ditu inkestak Europako Batasuneko 28 estatu kideetako 27.910 pertsonek emandako erantzunak. Lehen zatiak, labur, europarren hezkuntza zientifikoari buruzko datuak biltzen ditu. Bigarrenak, 13 gaiko zerrenda itxi batetik europarrentzat lehentasun handienekoak zein diren jasotzen du. Hirugarrenak, gaiz gai lantzen ditu europarren itxaropenak, bi aldagairen arabera: zein uste duten izango dela berrikuntza zientifikoaren eta teknologikoaren eragina gai horietako bakoitzean, eta zein pertsonen ekintzen eta portaeren eragina.

Osasuna eta lanpostuak, nabarmen

Lehentasunezko arloak identifikatzeko, bi ariketa egin dituzte galdekatuek. Lehentasun nagusia aukeratu dute —bakarra—, eta, ondoren, gainerakoak, ordenan, 4ko zerrenda osatu arte. Lehentasun nagusia lanpostuak sortzea jo dute 28 estatu kideetako 16ren herritarrek (horien artean daude Frantzia eta Espainia); osasuna eta zainketa medikoak, aldiz, 10 estatu kidetakoek. Danimarka eta Suedia bereizten dira zerrendan; izan ere, bertako herritarrentzat klima-aldaketaren aurkako borroka da lehentasun nagusia.

Lehentasun nagusien guztizkoa kontuan hartuta, berriz, osasunak hartzen du lehen postua. Herritarren % 55entzat osasuna eta zainketa medikoak dira lehentasunezko arloa, % 49rentzat lanpostuak sortzea, eta, ondoren daude, urrunago, hezkuntza eta konpetentziak (% 33), eta ingurumena babestea (% 30). Horiek behar dute, europarrentzat, hurrengo 15 urterako lehentasunezko lau gaiak, berrikuntza zientifiko eta teknikoarentzat. Zerrendaren beste muturrean daude garraioak eta garraio-azpiegiturak, etxeen kalitatea, datu pertsonalen babesa, eta gizartea egokitzea zahartzen ari den populaziora.

Europarren lehentasunezko arloak, gizarteak zientziaz, ikerketaz eta berrikuntzaz duen ikuspegiari buruzko Eurobarometroaren inkesta bereziaren arabera. Horiz, bakarra aukeratzekotan, lehentasun nagusia; urdinez, lau aukeratuta, lehentasun nagusien guztizkoak. Arg. Eurobarometroa (erredakzioan itzulia)
Europarren lehentasunezko arloak, gizarteak zientziaz, ikerketaz eta berrikuntzaz duen ikuspegiari buruzko Eurobarometroaren inkesta bereziaren arabera. Horiz, bakarra aukeratzekotan, lehentasun nagusia; urdinez, lau aukeratuta, lehentasun nagusien guztizkoak. Arg. Eurobarometroa (erredakzioan itzulia)

Itxaropen handiagoa zientzian pertsonengan baino

Txostenaren hirugarren zatian, europarren itxaropenetan sakondu du inkestak. Zerrendatutako 13 gaietako bakoitza hartu du, eta aztertu du zenbatekoa den europarren itxaropena zientzian horiek hobetzeko, eta zenbatekoa giza portaeran. Emaitzek erakutsi dute europarrek itxaropen handiagoa dutela berrikuntza zientifikoan eta teknologikoan pertsonengan baino.

Erantzuleen erdiek edo gehiagok uste dute berrikuntza zientifiko eta teknologikoak eragin positiboa izango duela zazpi arlo hauetan: osasuna eta zainketa medikoa (% 65ek), hezkuntza eta konpetentziak (% 60k), garraioa eta garraio-azpiegiturak (% 59k), energia-hornikuntza (% 58k), ingurumenaren babesa (% 57k), klima-aldaketaren aurkako borroka (% 54k) eta etxeen kalitatea (% 50ek). Zerrenda horretan ez dago lanpostuak sortzea, lehentasun nagusietako bat den arren europarrentzat, erdiek baino gutxiagok uste baitute lanpostuak sortzeko gaitasuna izango duela berrikuntza zientifikoak datozen 15 urteetan. Azkenik, zerrendaren amaieran dago berdintasunik eza murriztea, eta, hala ere, erantzuleen % 30ek uste du zientziak eragin positiboa izango duela arlo horretan.

Pertsonen ekintzekiko eta portaerarekiko ezkorrago ageri dira europarrak txostenean. Izan ere, arlo batek berak ez du gainditu erantzule itxaropentsuen % 50eko langa. Herritarren esanean, hezkuntza eta konpetentziatan izan dezake eragin onuragarrien pertsonen portaerak, baina % 48 soilik dira hori uste dutenak. Ondoren datoz ingurumenaren babesa (% 46), osasuna eta zainketa medikoak (% 43), eta lanpostuak sortzea (% 42).

Bi aldagaiak alderatuz, erantzuleen % 40k baino gehiagok uste du berrikuntza zientifikoak onura ekarriko duela zerrendatutako 13 arloetako 11n. Pertsonen portaerak, aldiz, 5 arlotan besterik ez du gainditu langa hori. Halaber, arlo guztietan dute jarrita itxaropen handiagoa berrikuntza zientifikoan pertsonen portaeran baino, salbu eta batean: berdintasunik eza murrizteko, itxaropen handiagoa dute pertsonengan, baina puntu bateko aldearekin bakarrik.

Aztertutako 13 arloen hiru dimentsioko analisia. Burbuilaren tamainak europarrentzat gaiak duen garrantzia adierazten du; ardatz bertikalak, berrikuntza zientifiko eta teknologikoak arloan eragin positiboa izateko gaitasuna duela uste dutenen ehunekoa; ardatz horizontalean gauza bera, baina pertsonen portaeraren aldagaiarentzat. Adibiderako, lanpostuak sortzea: burbuila handia da gaia garrantzitsua delako, baina ez dago ez oso gora ez oso eskuinera, europarrek ez dutelako uste inpaktu positibo handia izango dutenik hor ez zientziak ezta pertsonek ere. Arg. Eurobarometroa (erredakzioan itzulia)
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila