Askotan irakurri ahal izan ditugu gai honi buruzko artikuluak, baina orain aztergai dugun MicroCATS programaren ezaugarririk nagusiena ordenadore pertsonaletarako diseinatua egotea da eta ez adimen artifizialaren aurrerapen handiak dituzten sistemetarako.
Orain dela gutxi arte, itzulpenak egiterakoan ordenadoreak eman zezakeen laguntza bakarra hiztegiak eskaintzea zen, eta posible da gaur egun ere erabiliena edo hedatuena horixe izatea.
Ordenadorean hiztegi batzuk sartu ondoren, nahikoa izango da hizkuntza batean dagoen hitz bat ematea eta zein hizkuntzatara itzuli nahi dugun esatea (hizkuntza hauek hiztegian kontenplatuta egon beharko dute) sartutako hitzaren ordaina lortzeko. Dena den, sistema hauen erantzun-denbora ez da beti nahi bezain azkarra izaten eta askotan inprimatutako hiztegietara jotzen dugu.
Gaur egun sistema berriak garatzen ari dira; testu osoak itzultzeko gai diren programak, etab. Hasiera batean testuak hitzez hitz itzultzen ziren eta ondorioz lortutako itzulpenak ez ziren oso fidagarriak izaten; hitz bat itzultzerakoan testuingurua ere kontuan izan behar bait da. Aurrerapauso bat eman da jadanik eta gaur egun esaldiz esaldi egiten dira itzulpenak.
Lehen aipatutako MicroCATS, hauetako sistema bat dugu. Programarekin batera erosten den hiztegiaz gain erabiltzaileak bere hiztegi propioak ere sor ditzake; lan konkretu bat burutzeko erabili nahi den hiztegitxoa adibidez.
Testu bat itzultzerakoan bilaketa-sekuentzia, hau da, hiztegi desberdinen arteko lehentasunak ere defini ditzakegu, sistemak kontsultatzen nondik hasi behar duen jakin dezan. Hala ere, pentsatzekoa da lehenengo itzulpenak ez direla oso bikainak izango, baina horretan datza sistema honen garapena. Ordenadoreak bere gisa egiten dituen itzulpenak gainbegiratu egin beharko dira eta detektatutako akatsak zuzendu. Horrela lortuko da ordenadorearen ezagumendua , nolabait esateko, aberastea.
Guzti hori dela eta, sistema hau ez dago oraindik oso hedatua, baina bidea irekita dago eta ikusi egin beharko da zertara irits daitekeen.