Omega-3aren gabezia eta depresioa lotzen dituzten aldaketak aurkitu dituzte garunean

Omega-3aren gabezia eta depresioa lotzen dituzten aldaketak aurkitu dituzte garunean
2011/03/01 | Elhuyar
Sistema endocannabinoideak behar bezala funtzionatzen ez duelako agertzen da depresioa. Arg.: Photoxpress/Vasiliy Koval.

Garuneko sistema endocannabinoideak ez du behar bezala funtzionatzen, dietan omega-3 gutxi dagoenean

EHUko eta Bordeleko hainbat zentrotako ikertzaileek egindako ikerketa batean, garunean omega-3 gantz-azidoak faltan izateak depresioari lotutako zer aldaketa eragiten dituen azaldu dute. Izan ere, aspalditik lotu izan dira omega-3aren gabezia eta depresio-arazoak, baina orain arte ez zen ezagutzen zer garun-mekanismo dagoen atzean. Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dituzte fenomeno hori ulertzeko gako berriak.

EHUko Neurozientziak sailari atxikitako Susana Mato doktoreak azaldu duenez, "egiaztatu dugu omega-3 gantz-azidotan pobreak diren dietak izan dituzten saguek gantz-azido horien maila txikiak dituztela garunean, eta horrek sistema endocannabinoideak behar bezala ez funtzionatzea eragiten du". Zehatzago esanda, "garunaren kortex prefrontalean CB 1 hartzaile cannabinoidearen seinale falta dagoela egiaztatu dugu --dio ikertzaileak--. Proteina hori, CB 1 hartzaile cannabinoidea, depresio-arazoekin lotu izan dute hainbat ikerketak azkeneko hamarkadan".

Bestalde, EHUko Neurokimika eta Neuroendekapena taldeko arduradun Rafael Rodríguez-Puertas doktoreak azaldu duenez, "sistema endocannabinoideak erregulatutako neurona-konexioen sinapsi-plastikotasuna desagertu egiten da garuneko gune jakin batzuetan; alegia, ez dago eraginkortasun-aldaketarik neuronen arteko komunikazioan".

Zientzia-literaturan askotan proposatu bada ere dietan omega-3 gutxi egotea eta depresio-arazoak izatea lotuta daudela, Susana Matok aitortu du "ez dakigula gauza handirik omega-3tan pobreak diren mendebaldeko dieta modernoek garuneko funtzionamenduan duten eraginari buruz, ezta gantz-azido horien faltari lotutako depresioaren intzidentzia handiagoaren oinarriari buruz ere".

Rodríguez-Puertas doktoreak azaldu duen bezala, egindako ikerketaren emaitzei esker "aukera berriak ireki dira dietak garunaren funtzionamendua, eta, zehazki, sistema endocannabinoidea, nola aldatzen duen eta aldaketa horiek buru-arazoekin nola lotzen diren sakonago aztertzeko".

Halaber, "beste ideia bat indartu dugu: sistema cannabinoidea manipulatzea lagungarria izan daitekeela depresio-arazoak tratatzeko --gaineratu du Rodríguez-Puertasek--. Hala ere, orain arte lortu ditugun datuak behin-behinekoak dira oso, eta goiz da manipulatzeko modurik onena zein izango litzatekeen esateko".

1
273
2011
3
007
Dietetika/Elikagaiak; Anatomia/Fisiologia; Biokimika
Albisteak
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila