Oinaze-keinuak animalien mina neurtzeko

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

oiaze-keinuak-animalien-mina-neurtzeko
Saguekin egindako proba. Ezkerretik eskuinera, mina handitu ahala espresioa aldatu egiten da. Arg. Langford, D. J. et al. Nature Methods doi:10.1038/nmeth.1455 (2010)

Animaliekin lan egiten duten ikertzaileentzat, askotan ez da erraza izaten haien mina neurtzea. Horretarako, aurpegiko espresioetan oinarritutako eskala bat proposatu zuten saguentzat, 2010ean, Kanadako McGill Unibertsitateko ikertzaileek. Eta orain untxiekin gauza bera egin dute Erresuma Batuko Newcastle Unibertsitatean. PLoS One aldizkarian argitaratu dute lana.

Mina nolabait neurtzeko metodo tradizionalak pisu-galera edo elikagaien eta uraren kontsumoa neurtzea izan dira, edo animalien mugimenduaren behaketa subjektiboak. Minaren ebaluazio zuzenagoa eta objektiboagoa egiteko asmoz, orain bi urte, McGill Unibertsitateko ikertzaileek “saguen keinu-eskala” sortu zuten. Eskala horretan bost keinu hartzen dira kontuan —begiak uzkurtzea, esaterako—, eta keinu bakoitzari 0tik (keinurik ez) 2rako (oso nabarmen) balioa ematen zaio. Bost keinuen balioen baturak ematen du minaren neurria.

Metodo berriak harrera ona izan du ikertzaileen artean. Newcastle unirbertsitateko Matthew Leach-ek zuzentzen duen taldeak animalien ongizatean ikertzen du, eta saguen keinu-eskala atera zenetik hainbat animaliatan aritu dira aurpegiko espresioak minaren adierazle gisa aztertzen. “Mina arintzeko modu bakarra hura identifikatzea da, eta animaliak zenbateko oinazea duen jakitea”, dio Leach-ek Nature-en webgunean.

Suediako gobernuaren eskaera bati erantzunez osatu dute untxientzako keinu-eskala. Untxi-haztegietan ohikoa da untxien belarrietan identifikazio-zenbakia tatuatzea, eta horrek zenbateko mina eragiten dien jakin nahi zuen Suediako gobernuak. Egindako esperimentuan, 0tik 8rako eskala batean, 4ko mina nozitzen dute untxiek belarria tatuatzean, eta 2koa anestesia lokala erabiliz egiten bada.

Orain rhesus makakoentzako, arkumeentzako, zaldientzako eta txerrientzako eskalekin ari dira lanean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila