Ohorezko iritzia sufrea isurtzearen alde

Ohorezko iritzia sufrea isurtzearen alde
2006/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Berotze globalaren arazoarentzat konponbide asko plazaratu dira; horietako batzuk zentzuzkotzat hartu dira, eta beste batzuk baztertu egin izan dira. Paul Crutzen Nobel saridunak azken horietako bat berreskuratu nahi izan du, zientzialariek berraztertu dezaten: estratosferara sufrea isurtzearena.

Estratosferako sufreak Eguzkitik datorren erradiazioa espaziora islatzen du; ondorioz, ez da troposferara eta lurrazalera iristen, eta Eguzkiak gutxiago berotzen du Lurra. Berez gertatzen da prozesu hori, sumendien erupzio handiek sufrea isurtzen baitute estratosferara, eta hoztea eragiten dute; esate baterako, 1991n, Pinatubo mendiaren erupzioaren ondorioz, planetaren tenperatura gradu-erdi bat jaitsi zen. Era berean, gizakiak berak aska lezake sufrea estratosferan hozte-efektua artifizialki lortzeko.

Crutzen ideia horren alde azaldu da, baina ez ditu inondik inora ezkutatu metodoaren desabantailak. Alde batetik, ingurumenean eragingo luke, ozono-geruzari kalte egin eta, luzera, euri azidoa ekarriko lukeelako; ez da ahaztu behar Crutzenek ozono-geruza ikertzeagatik jaso zuela Kimikako Nobel saria. Beste alde batetik, oso metodo garestia izango litzateke, estratosferara sufrea behin eta berriz askatzea eskatuko lukeelako. Crutzenen ustez, 5 milioi tona sufre baino gehiago askatu beharko lirateke.

Sufre-kantitate handi hori ezin da isuri une honetan; epe luzera egindako proposamena da. Gainera, prozesuaren xehetasunak ez dira ezagutzen, eta horregatik eskatu du Crutzenek aukera hori ez baztertzeko. Haren esanean, ikerketa handia behar du gaiak, baina hori egin eta gero erabaki beharko da metodoa baliagarria den eta merezi duen martxa jartzea.

1
223
2006
9
018
Ingurumena; Fisika
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila