Kanadako zientzilari batzuek eginiko azterketaren arabera, OHE-ikusleek ez omen dute beste gizakiok baino adimen txikiagoa, ez omen dira fantasien zaleago eta ez ei dituzte psikiatri arazo handiagoak izaten. Otawako unibertsitateko ikerlari-talde batek lau subjektu-talderi test psikologiko andana bat egin zien, fenomeno paranormal eta OHE-ri buruzko beren usteak ezagutzeko.
Taldeetako batek OHE-ko arrotzekin ustezko erlazio estuak (fisikoak edo telepatikoak) izandakoak bildu zituen. Bigarren taldean, haiekin intentsitate txikiagoko harremanak izandakoak (gau ilunetan argi bitxiak ikusitakoak, adibidez) zeuden. Beste bi taldeak horrelako harreman edo esperientzirik izan gabekoek osatzen zituzten.
Testen ondorioek oso argi erakutsi zuten OHE-kin harremanak izan dituztela esaten dutenek arazo psikiatriko bereziak ez dituztela. Beste taldeekin konparatuta gainera, ez zuten fantasi maila handiagoa. Alabaina OHE-kin harremana gertutik izandakoek astrologian, berraragiztapenean eta OHE-tan sinesteko joera handiagoa zuten.