Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) azken txostenak Europako obesitateari buruzko datuak eman ditu. Epidemia izaera hartu du jada Europa osoan: helduen % 59, eta haur eta gazteen % 28 bizi da obesitateaz. Eta ohartarazi du munduan obesitate-tasa handiena duen kontinentea dela, salbuespen bakar batekin: Amerika.
Gaixotasun ez-kutsakorrak murrizteko 2025rako ezarri diren helburuetatik oso urruti dagoela gogorarazi du OMEk. Azpimarratu due heriotzen % 13 eragiten dituela obesitateak, eta gaixotasun ez-kutsakor asko izateko aukera nabarmen handitzen duela: minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetea eta arnas-gaixotasun kronikoak. OMEk gogorarazi du obesitatea gaixotasun bat dela, ez arrisku-faktore hutsa.
Obesitate-tasa handitu izana COVID-19aren pandemiaren ezkutuko ondorio ere izan dela ondorioztatu du: elikaduraren eta jarduera fisikoaren patroiak aldatu dira, eta berariazko ahalegina eskatuko du ohiturak leheneratzeak.
Neurri politikoak proposatu dituzte obesitatean egiturazkoak diren faktoreak aldatzeko: neurri fiskalak hartzea (edari azukredunei zerga gogorrak ezartzea, eta barazki eta frutak diruz laguntzea); haurrentzat osasungarriak ez diren elikagaiak merkaturatzeko mugak jartzea; osasun-estaldura unibertsalak obesitatearen jarraipena egin dezala uneoro; amek bularra ematea sustatzea; jarduera fisikoa egiteko aukerak ziurtatzea… Eta gogorarazi du konpromiso politiko sendo bat behar dela obesitatearen faktore egiturazko horiek aldatzeko.
Haurtzaroan izandako elikadurarekiko atxikimendua, gakoa
Paraleloki, ikerketa batek mahai-gainean jarri ditu gazteen elikadura-ohitura kezkagarriak: nerabeen % 70k ez du nahikoa fruta jaten eta % 90k barazki gutxiegi jaten du (Erresuma Batuetako datuak). Gainera, ez dute nahikoa esneki, zekale integral, lekale ezta arrainik jaten. Osasunarentzat ez ezik, planetarentzat ere ez da jasangarria, Birminghameko Unibertsitateko ikertzaileen arabera.
Azpimarratu dute gakoa dela planetaren osasuna bermatzen duen dieta geureganatzea, horrek berak ekarriko baititu elikadura-ohitura osasuntsuagoak eta obesitatearen murrizketa. Eta ohartarazi dute haurtzaroan izandako elikadura-ohiturekiko atxikimendua garatzen dugula gizakiok. Beraz, bizitza osoa baldintzatzen dute haurtzaroko elikadura-patroiek.
EAEko egoera
Save The Children elkarteak EAEko datuak argitaratu ditu txosten batean, eta ez da Europako datuetatik urruntzen. 16 urtetik beherako haur eta gazteen % 24,7 bizi da obesitateaz, eta pandemiaren eragina berretsi dute: lehen, %75k jaten zuten gutxieneko fruta eta barazki-kantitate bat, egunero; pandemiaren ondoren, berriz, %40k.
Bestetik, pandemiaren bestelako ondorioak ere kuantifikatu dituzte: pantailen aurrean ematen duten denbora luzatu da (% 28k bi ordu baino gehiago ematen dituzte egunero) eta lo egitekoa murriztu (35 minutu gutxiago egiten dute lo). Hiru faktoreek laguntzen dute obesitatea garatzen.
Errenta txikiko familietan hazitako haurrak zaurgarritzat jo ditu, gainera. Errenta altuko familien % 30ean haur eta nerabeek ez dute jarduera fisikorik egiten erregulartasunez, baina tasa % 70era igotzen da errenta txikiko familietan. Haur eta gazteen osasuna hobetzeko neurri politikoak behar direla berretsi du Save The Children elkarteak ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia