Gure kostaldera jatorri ezezaguneko petroliorik heltzen bada edo faltsifikatutako koadro edo pinturarik inork saldu nahi badigu, bi kasuetan errudunaren arrastoari jarraitzeko modua izango omen dugu 1995. urterako; ordurako espero baitu Isotag enpresa estatubatuarrak hidrogenoaren isotopo astuna erabiltzen duen markatzaile kimikoa merkatuan izatea. Deuterioa proportzio jakin batean erabiliz markatuko da edozein gas edo likido eta proportzio horren bidez identifikatu ahal izango da hala behar denean. Supermerkatuetan erabiltzen den marra-kodearen antzera funtzionatuko luke sistema berri honek.
Tanga bateko petrolioa markatzeko adibidez, nahikoa izango litzateke bere osagaietako bat markatzea. Isotag enpresak osagai markatu horren litro gutxi batzuk produzituko lituzke eta datua sekretupean gordeko. Markatzeko osagai horren hidrogeno-atomo batzuk deuterioaz ordezkatuko lituzke. Tangako petrolioari erantsi ondoren, petrolio hau edonon agertuko balitz ere ez litzateke inongo arazorik izango zehatz-mehatz identifikatzeko.
Eta nork behar du, bada, bere produktua inon identifikatu ahal izatea? Zein enpresak gastatuko du bere dirua horretan eta zergatik?
Pentsa dezagun lapurretak daudela petrolio-konpainia batean. Ez dago modu zehatzik petrolio hori non agertzen den jakiteko. Baina markatua baldin badago bai, eta ondorioz, lapurretaren bidea eta erantzuleak agertaraztea errazago bihurtuko da. Produktu markatua masa-espektroskopia eta gas-kromatografia izeneko teknika ezagun eta nahikoa arrunten bidez identifikatzen da.
Beste erabilera batzuk ere proposatu dituzte. Horietakoa, arte-lanen identifikazioa daukagu. Litografia baten edizio mugatua egiteko adibidez, erabili beharreko tintetako bat markatu egin liteke eta horrela faltsifikazioetatik eta originaletik ere bereizteko modua izango dugu. Administrazioak ere ezar ditzake beste erabilera batzuk, hala nola isurketa kaltegarriak kontrolatzeko sistema moduan. Horretarako produktu kaltegarri eta osasungaitzak isurtzen dituzten enpresei isurketa horiek markatzeko betebeharra ezarri beharko lieke eta “marka” horren bidez jarraipena egin. Horrela ezingo litzateke esan “zikinkeria hori ez da nirea”. Onartutako mailak gainditzen dituena nor den eta salaketa egiteko froga ukaezina edukiko litzateke orduan.