Hamasei urte pasa dira jada kimika ikasten ari nintzenean Poluzioaren Kimika izeneko ikastaroa hartu nuenetik. Hirietako hondakin solidoei buruz zenbait orduz aritu zitzaizkiguten hizketan eta horiek tratatzeko bide zibilizatuen artean hiru nagusi azaldu zizkiguten: zabortegi kontrolatuak, errausketa eta birziklapena. Guztietan egokiena birziklapena zela esan ziguten eta horrela ikasi nuen. Errausketa, behin-behineko eta aldi baterako “konponbidea” baino ez zela esan ziguten argi eta garbi; birziklapena sozializatzen zen artekoa eta zabortegi kontrolatuak antolatzeko modurik ez zegoen heinean.
Alabaina, duela hamasei urte entzun nituenak gogora etorri zaizkit berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakin solidoen arazoa konpontzeko errausketa-planta bat eraikitzea konponbide moduan planteatzen duela prentsan irakurri dudanean. Hamasei urte atzera egin dut. “Ederki gatxeudek!” pentsatu dut nire artean “Ho’i dek asmatzia!”
Diputazioko jaun-andreok barkatu atrebentzia, ez da hori bidea. Hirietako hondakin solidoak tratatzeko konponbide moduan errausketa-planta 1994.ean plantatzea atzera begira egotea da. Etorkizunerantz so egin behar da, ez gibelerantz.
Errausketak ez du arazoa konpontzen. Ezkutatu akaso bai, zabortegiak murrizten dituelako. Ostrukarena egitea da, hain justu. Airearen poluzioa eragiten du, besteak beste. 30.000 tona hondakin solido erreta 30 tona poluitzaile isurtzen dira atmosferara. Poluitzaileen artean dioxinak eta PCBak daude. Ez da, bada, ahuntzaren gauerdiko eztula! Bestetik, erreketa orotan sortzen den karbono(IV) oxidoa ezin da bazter utzi. Gainera, zarrastelkeriazko kontsumo-kultura, “erabili eta bota” alegia, bultzatzen du.
Diputazioko jaun-andreok izan zaitezte ausart. Etorkizuneko konponbideak planteatzeko adorea izan ezazue. Bilketa selektiboan eta birziklapenean dago hirietako hondakin solidoen tratamenduaren benetako konponbidea. Hori inork ez du zalantzatan jartzen. Jakin badakit lan nekosoa dela, hiritarron eta agintarien aurriritzi eta urteetako ohiturak aldatu egin behar direla, bilketa selektiboak eta birziklapenak sozializazio-lan handia behar duela. Hiritarrak kontzientziatu eta hezi egin behar dira.
Kontsumo-kultura berria eraiki behar dugu. Horrek dirua eta denbora eskatzen ditu. Alabaina, merkeago da errausketa-plantak behar dituen 24.000 milioi pezeta baino eta askoz ere zentzuzkoagoa. Dudarik ez egin!
Britainia Haundiak 2000. urterako hirietako hondakin solidoen % 50 birziklatzeko helburua jarri du. Britainia Haundia ez dago, bestetik, ekologismoaren gailurrean. Zein da Gipuzkoako Diputazioaren helburua? Zaborrak zein proportziotan birziklatzea jarri du helburu? Zabor gutxiago sor dadin baliabideak edota legeria garatzeko asmorik ba al du? Kontsumo-ohiturak ekologikoago bihurtzeko planik ba al du?
Antzeko galdera gehiago egin daitezke. Erantzunik ba al dute?