Nekea baino gehiago

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

nekea-baino-gehiago
Arg. Unesco

Zenbait komunikabidek jakinarazi dutenez, joan den asteburu honetan ugaritu egin dira COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien aurkako jokabideak. Askok nekearekin lotu dute: SARS-CoV-2 birusak ekarritako egoera luzatzen ari da, eta jendea nekatuta dago, neurri oso zorrotzak bete behar dituelako eta, aldi berean, ez duelako nabaritzen ahalegin horrek inolako onurarik dakarrenik. Alegia, neurriak baztertzea nekearen eta arduragabekeriaren ondorioa dela uste dute, eta talde jakin batzuetan nabarmenagoak dira; esaterako, gazteen artean.

Ez da Euskal Herriko kontua soilik. Beste herrialde batzuetan ere, horrelako jarrerak eta gertaerak zabaltzen ari dira, eta han ere antzeko interpretazioak egin dituzte, bai agintariek, bai komunikabideek. Adituak ez daude ados, ordea. Are gehiago, British Medical Journal aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, ikuspegi hori okerra eta kaltegarria da.

Artikuluaren egileek (Erresuma Batuko bi unibertsitatetako psikologo eta neurozientzialariak) populazioaren portaerak eta aldartea aztertu dituzte. Hain zuzen, egoera epidemikoa asko okertu da azken hilabetean, eta horrek neurriak zorroztea ekarri du. Horrekin batera etorri dira neurrien aurkako jokabideak eta nekea lotzen dituzten adierazpenak. Ikertzaileek, baina, baieztatu dute herritarren gehiengoak neurriak betetzen jarraitzen duela, asko sufritzen ari diren arren, bai ekonomikoki, bai psikologikoki.

Seinalatutako taldeetakoek ere, bereziki gazteek, ez dute besteek baino arau-hauste gehiago egiten; eta, egiaz, beste populazio-talde batzuek baino joera txikiagoa dute harreman estua duten taldetxoak elkarren artean nahasteko. 

Errealitatearen eta ustearen arteko diferentzia ikusgarritasun-isuriaren ondorioa dela azaldu dute adituek: neurriak zorrotz betetzen dituztenak ez dira ikusten eta ez dira komunikabideetan azaltzen; bakarrik ikusten dira aurka jokatzen dutenak. Eta horrek besteek ere arauak ez betetzera bultza ditzakeela ohartarazi dute. Arauak ez betetzea normala eta orokorra dela uste badugu, zertarako bete?

Dena den, badago salbuespen esanguratsu bat: isolamendua. Ikertzaileen datuen arabera, infektatuta daudenen edo positibo baten kontaktu estua direnen bostetik bat baino ez da isolatzen. Izan ere, isolatu ahal izateko ezinbestekoak dira besteen laguntza (zaintza, janaria) eta baliabideak (espazioa, lan-eskubideak, diru-sarrerak...). Hala, isolamendua ez betetzeko arrazoia, oro har, ez da neurriekin nazkatuta daudela, baizik eta ez dutela horretarako erraztasunik. Hain zuzen, beharra dutenei isolatzeko laguntzak ematen dizkieten lekuetan, New Yorken, esaterako, % 95ek betetzen dute neurria.

Bestalde, gogorarazi dute jende batek beste batzuek baino arrisku handiagoa duela kutsatzeko; adibidez, garraio publikoa erabiltzen dutenek, pisua partekatzen dutenek eta telelanerako aukerarik ez dutenek. Horien artean daude gazte asko eta asko.

Kutsatzeen gorakada norbanakoen nekearekin, arduragabekeriarekin eta errebeldiarekin zuzenean lotzeak, ordea, egiturazko beste faktore horiek ezkutatzen ditu, eta agintarien hutsuneak estali. Gainera, gehiengoaren motibazioan ere eragin kaltegarria du. Horren ordez, komunikabideek jendearen portaera ona erakutsi beharko luketela iradoki dute artikuluan.

Agintariek diotenez, konfinamendu gogorra saihestu nahi dute, eta herritar gehienek bat egingo dute horrekin. Hori lortzeko ahalegina, ordea, ezin da herritarren bizkar gainean utzi; ezinbestekoak dira erakundeen esku dauden bitartekoak eta baliabideak, eta, jakina, estrategia eraginkorrak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila