Nebulosen itxurari buruzko misterioa, argituta

td class="art-testua" valign="top">
WIYN/NOAO/NSF

Astronomoek ez zekiten zergatik ez diren esferikoak nebulosa planetario gehienak. Orain, Alemaniako astronomo-talde batek eremu magnetikoen eraginari buruzko froga zuzenak jaso ditu lehenengo aldiz.

Eguzkia bezalako izarrak beren bizialdiaren azkenera iristen direnean sortzen dira nebulosa planetarioak. Espero zitekeenaren aurka, gehienek ez dute itxura esferikoa, % 80 inguru bipolarrak edo eliptikoak baitira. Itxura hori nola eta zergatik hartzen duten azaltzeko, hainbat teoria zeuden.

Batzuen arabera, hurbileko izar batek eragindako haizearen ondorioz hausten da esferikotasuna. Beste batzuen ustez, berriz, eragin zentrifugoaren ondorioa da. Nolanahi ere, eremu magnetikoak kontuan hartzen zituen teoriak zuen indar handiena azkenaldian. Eta, orain, zuzen zebiltzala frogatu dute.

ESO

Dirudienez, izarretik kanpoaldera ateratzen den materia eremu magnetikoan harrapatuta gelditzen da; horrek eragiten du hain itxura berezia eta dotorea hartzea nebulosa planetarioek. Astronomo-taldeak lau nebulosa aztertu ditu Txilen dagoen VLT teleskopioaren FORS1 espektrografoarekin, eta lauetan eremu magnetikoak daudela frogatu dute. Hain zuzen ere, eremu horiek 1.000 eta 3.000 Gauss arteko indarra dute, hau da, Eguzkiarena baino mila bat aldiz txikiagoa.

Nebulosa planetario esferikoen erdiko izarren eremu magnetikoa neurtzea da hurrengo pausoa. Teoria zuzena bada, izar horien eremu magnetikoak ahulagoa izan behar du. Eremu magnetikoaren eta nebulosaren itxuraren arteko erlazioa ulertzen lagunduko dute ikerketek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila