Harvard Unibertsitateko zenbait zentrotako eta Max Planckeko ikertzaileak dira Naturen argitaratutako artikuluaren egileak: “Neandertal-jatorriko paisaia genomikoa, gaur egungo gizakietan”, gutxi gorabehera (The genomic landscape of Neanderthal ancestry in present-day humans). Sciencekoa, berriz, Washingtongo Unibertsitateko genetikariek egin dute, eta izenburu deigarria du: Biziraun duten neandertal-leinuak berpizten, gizaki modernoen genometatik” (Resurrecting surviving Neandertal lineages from modern human genomes).
Hain zuzen ere, neandertalak eta gure espezieko kideak gurutzatu izanaren arrastoak bilatu dituzte gure genoman. Eta horretarako, hainbat genomaren alderaketan oinarritu dira. Asier Fullaondo EHUko genetikariari “oso interesgarria” iruditu zaio erabilitako metodologia. “Ikerketa horietan, ez dute neandertalaren genoma deskodetu, eta ez dute horretan jarri arreta. Aitzitik, lehendik sekuentziatutako genometatik abiatu dira, eta, neandertalenekin batera, aintzat hartu dituzte gaur egungo hainbat etnia eta jatorritako gizakien genomak. Nolabait esateko, genomika forentsea erabili dute, eta hainbat irizpide ezarri dituzte jakiteko zein diren neandertal-jatorriko sekuentziak oraingo gizakiaren genoman”.
Fullaondoren ustez, irizpide horiek ezarri izana “ez da hutsala”. Izan ere, gaur egungo populazio afrikarren, ekialdeko asiarren eta europarren genomak alderatu dituzte, eta bere gain hartu dute ekialdeko asiarrek eta europarrek komun dituzten aldaera genetikoak eta afrikarrek ez dituztenak neandertal-jatorrikoak direla. “Horrek beti du arrisku bat: ez duela zertan horrela izan. Baina, metodologikoki, eta bakoitzak bere sistema erabili badu ere, ekarpen interesgarria egin dutela iruditzen zait”.
Emaitzetan ere badago berritasunik. Esaterako, baieztatu dute afrikarrek ez dutela neandertalen arrastorik; europarren genoman, berriz, informazioaren % 1 inguru dela neandertalengandik heredatutakoa, eta herentzia hori pixka bat handiagoa dela ekialdeko asiarrengan. Horrez gain, herentzia hori uzteko, hibridazioa behin baino gehiagotan zela azaldu dute. Fullaondok ohartarazi du ez dutela esan zer neurritakoa izan zen hibridazioa, baina, bere iritziz, “hibridazioak nahiko zabala izan behar zuen, bestela ez baitzuten hain arrasto nabarmena utziko gure genoman”.
Arrasto hori, dena den, ez da genoma guztian zehar berdin banatzen. Aldiz, leku batzuetan askoz nabarmenagoa beste batzuetan baino, eta bereziki ondo gordetzen da larruazalarekin eta ilearekin lotutako tokietan. Fullaondoren esanean, “horrek adierazten du gene horiek egokitzeko abantaila ematen dutela”. Horrekin batera, gure espeziean gaixotasunekin erlazionatutako gene-aldaera batzuk ere neandertal-jatorrikoak direla frogatu dute. “Jakina da gurean ohikoak diren gaixotasun batzuk oso arraroak direla Afrikan, baina beste faktore batzuk ere badaudenez tartean (bizi-itxaropena, esaterako), ezin da esan alde hori genetikaren ondoriozkoa dela. Hala ere, badirudi, neurri batean, gene-aldaerek ere eragiten dutela afrikarren erresistentzian gaixotasun batzuekiko”.
Iraun duten geneak ez ezik, galdu direnak ere aipatu dituzte bi ikerketetan. Hain zuzen ere, jakina da bi espezie gurutzatzen direnean, ondorengoen genoman espezieetako baten geneak gailentzen direla, besteenaren kaltetan. Gaur egungo gizakian ere gauza bera gertatu da, eta, eboluzioan zehar, neandertal-jatorriko geneak galtzen joan dira. Natureren artikuluaren arabera, badirudi galera hori txikiagoa izan dela asiarren artean europarren artean baino, ekialdeko asiarren populazioak txikiagoak zirelako Europakoak baino (horrek azaltzen du zergatik duten neandertal-jatorriko geneen ehuneko handiagoa europarrek baino).
Dena den, Fullaondori beste zerbaitek eman dio arreta: “Scienceren artikuluan, azaldu dute 7. kromosomaren beso luzean eskualde bat dagoela neandertal-jatorriko batere generik gabe. Eta hor dago, hain justu, FOXP2 genea, hizketarekin lotutakoa. Hau da, gene horren neandertalen aldaera galdu egin da. Hortaz, hautespen negatiboa izan duela dirudi".
Bi artikuluetan badaude emaitza interesgarri gehiago ere. Esaterako, hibridoen ondorengo arrek ugaltzeko zailtasunak zituztela ikusi dute, eta horrek gaur egungo ugalkortasun-arazoak ikertzeko ere balio dezakeela adierazi dute ikertzaileek. Zalantzarik gabe, bi lanek irekitako bidetik etorriko dira ikerketa berriak.