Neandertalek eta sapiensek elkarrekintza sakona izan zuten Erdi Paleolitoan Ekialde Hurbilean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

neandertalek-eta-sapiensek-elkarrekintza-sakona-iz
Tinshemet kobazuloko duela 110.000 urteko geruza. Arg. Yossi Zaidner.

Tinshemet kobazuloaz (gaur egungo Israelen) argitaratu den lehen ikerketak agerian utzi du hango neandertalak eta sapiensak, Erdi Paleolitoan, elkarrekin bizi zirela, eta teknologia, bizimoduak eta ehorzketa-ohiturak partekatzen zituztela. Elkarrekintza haiek kultura-trukea, gizarte-konplexutasuna eta berrikuntza sozialak bultzatu zituzten, hala nola ehorzte-praktika formalak eta okrearen erabilera sinbolikoa apaintzeko. 

Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian, eta, egileen arabera, aurkikuntzek iradokitzen dute giza konexioak aurrerapen teknologikoen eta kulturalen funtsezko bultzatzaileak izan zirela, eta Ekialde Hurbila leku esanguratsua izan zela sapiensen bilakaeran.

Ikertzaileek 2017an abiatu zuten indusketa, Erdi Paleolitoko neandertalen eta sapiensen arteko harremana nolakoa zen jakiteko asmoz; alegia, baliabideak lortzeko elkarren aurka borrokatzen ote zuten, edo bizilagunak ziren, edo, are gehiago, elkarrekin aritzen ote ziren.

Tresnak, ehiza, okrea eta hobiratzeak

Lau alderdi gakotan jarri dute arreta: harrizko tresnen ekoizpena, ehiza-estrategiak, portaera sinbolikoa eta konplexutasun soziala. Horietatik guztietatik lortutako datuak aztertuta, ondorioztatu dute giza talde desberdinek (aurreneandertalak, neandertalak eta sapiensak) elkarrekintza handia zutela. Horri esker, jakintzaren transmisioa erraztu zen eta populazioak homogeneizatzen joan ziren kulturalki: harrizko tresnak egiteko teknika, ungulatu handien ehiza, okrearen erabilera… Izan ere, kobazuloan okre ugari aurkitu dute, eta, nonbait, gorputzak apaintzeko erabiltzen zuten, talde-identitatea erakusteko. Alderdi horiek guztiek bat egiten dute Ekialde Hurbileko garai horretako beste aztarnategietan aurkitutako ebidentziekin.

Hobiratze formalak ere berrikuntzaren eta konplexutasunaren ebidentzia nabarmena dira, han hasi baitziren horrelako hobiratzeak, duela 110.000 urte inguru, lehen aldiz mundu osoan. Ikerketan erakutsi dutenez, Tinshemet kobazuloan bezala, handik gertu dauden Qafzeh eta Skhul kobazuloetan ere, gorpuak eskuin aldera etzanda eta fetu-itxuran hobiratu zituzten, adinaren eta sexuaren araberako desberdintasunik gabe. Hobietan objektuak ere badaudenez, agian hil ondorengoko bizitzan sinetsiko zutela ere iradokitzera iritsi dira ikertzaileak.

Nolanahi ere, Tinshemet kobazuloko ikerketak giza talde desberdinen arteko elkarrekintzaren ebidentzia baliotsuak eman ditu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila