Neandertalek egindako soka-zati bat aurkitu dute Abri du Marasen

Landare-jatorriko objekturik zaharrena da; 45.000 urte inguru ditu

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

neandertalek-egindako-soka-zati-bat-aurkitu-dute-a
Neandertalek egindako soka, mikroskopiopean. Arg. M-H. Moncel

Abri du Maras (Frantzia) Paleolitoko aztarnategi garrantzitsu bat da. Neandertalen arrastoak ere baditu, eta, orain,  landare-zuntzez egindako objekturik zaharrena izan daitekeena aurkitu dute: 6 cm-ko soka-zati bat; ustez, zerbait lotzeko, edo sare edo poltsa bat osatzeko egindakoa. 41.000-52.000 urte dituela kalkulatu dute. Baieztatuz gero, orain arte aurkitutako zaharrena baino askoz ere lehenagokoa izango litzateke.

Orain arte zaharrena zen hura Ohalo II aztarnategian aurkitu zuten (Israel) eta 19.000 urte inguru ditu; beraz, sapiensak egindakoa da. Horrenbestez, neandertalen gaitasun kognitiboa zenbait alderditan (matematika, teknologia…) gurearen parekoa zela berretsi daitekeela adierazi dute ikertzaileek.

Azaldu dutenez, estereomikroskopia eta mikroskopiako teknika aurreratuenen bitartez aztertu dute aztarna, eta ondorioztatu dute lorerik gabeko landare baten (konifero bat, agian) azalaren azpiko zatiarekin egin zutela. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila