Neandertalek sua pizten zutela iradokitzen duten aztarnak aurkitu dituzte

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

neandertalek-sua-pizten-zutela-iradokitzen-duten-a

Neandertalek sua erabiltzen zutela frogatuta dagoen arren, pizteko gai ote ziren oso eztabaidatua izan da azken urteotan. Bada, gure espezieak egiten zuen bezalaxe, neandertalek ere harrizko tresnak erabiliz sua pizten zutela iradokitzen duten lehen aztarnen berri eman dute, Scientific Reports aldizkarian, Andrew Sorensen-ek (Liedengo Unibertsitatea, Herbehereak) eta kideek.

Sua egiteko egurra edo pirita eta suharria behar dira, baina, orain arte, ez da halakorik aurkitu suaren arrastoak ohikoak diren neandertalen aztarnategietan. Gure espeziearen kasuan, aldiz, pirita suharriaren kontra kolpatuz sua pizten zutela erakusten duten hamaika aztarna aurkitu izan dira. Orain, Sorensenen taldeak neandertalen suharrizko hainbat tresna aztertu dituzte, Musteriar aldiko 26 aurpegibiko, zehazki; eta mineral gogorren aurka kolpatuak izan zirenaren arrastoak topatu dituzte, piritarekin kolpatzean gelditzen direnaren gisakoak. “Pirita kontserbatzea aztarnategietan nahiko zaila da, baina suharrizko tresnetan piritak utzitako arrastoak nahiko bereziak dira, Sorensenek aurreko lan batzuetan frogatu duenez”, azaldu du Joseba Rios Garaizar arkeologoak (CENIEH).

“Su-pizgailuen froga zuzenik ez zegoelako izan da hain eztabaidatua neandertalak sua pizteko gai ote ziren. Lan honek frogak aurkezten ditu. Aurrerapauso bat da neandertalek sua pizten zutela frogatzeko, eta ziurrenik hurrengo urteetan antzeko adibideak agertuko dira nonahi”, dio Riosek. Bestalde, oraindik pirita-aztarnak topatzea faltako litzatekeela ohartarazi du, eta beste hainbat galdera oraindik airean daudela gogorarazi: “MTA izeneko Mousteriar kulturan erabiltzen zituzten aurpegibikoak, baina beste garai batzuetan, zer? Egurraren hipotesia ere hor dago. Eta sua pizteko gai baziren, zergatik Quina tipoko Musteriar aldian ez dago suaren erabileraren aztarnarik? Gai zirraragarria, benetan!”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila