Neandertalak eta gizaki modernoak mila urtez baino ez ziren aldi berean bizi izan eremu kantauriarrean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Eremu kantauriarrean bizi izan ziren azken neandertalen eta lehen Homo sapiens-en garaia ikertu dute, Ana Belén Marín Arroyo Kantabriako Unibertsitateko ikertzailearen gidaritzapean, eta ondorio honetara iritsi dira: beste leku batzuetan ez bezala, bi populazioek oso denbora-tarte txikian egin zutela bat eremu berean, eta, beraz, elkarrekintzarako aukera gutxi izan zutela.

neandertalak-eta-gizaki-modernoak-mila-urtez-baino
Eremu kantauriarreko aztarnategien azterketa zorrotza eginda, ondorioztatu dute neandertalak eta gizaki modernoak ez zirela garai berean bizi izan denbora askoan. Arg. Marín Arroyo et al.

PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, Marínen esanean, haren helburu nagusia zen “argitzea ea bi espezie horien artean harremanik izan ote zen, eta gizaki modernoaren iritsierak zenbateraino eragin zuen  neandertalen desagertzean, eremu kantauriarrean”.

Hain zuzen, eremu kantauriarra da, Europa osoan, neandertalen eta gizaki modernoaren arteko trantsizioaren garaiko ondare arkeologiko aberatsena duenetako bat, hasi Euskal Herritik eta Asturiaseraino. Aztarnategien datazioak, ordea, ez ziren zehatzak. Hala, ikerketa honetan, 51 datazio egin dituzte, bi espezieak bizi izan ziren 13 aztarnategitan. Euskal Herrikoak hauek dira: Axlor, Bolinkoba, Ekain, Amalda eta Aitzbitarte III.

“Bi espezieek jandako animalien hezurrak datatu ditugu. Erabilitako metodoarekin, karbono 14 AMS ultrafiltrazioarekin, kutsadura-arrasto guztiak baztertu ditugu, eta datak eredu bayesiarraren bidez analizatu ditugu, Arrasateko Labeko Koban bezala”, azaldu du Marínek. Lehen aldiz aplikatu dute metodologia hori garai horretan, Europan. Horri esker, trantsizio-garaiko kronologia zehaztu dute, berme handiz: “Alde horretatik, ikerketa honek mugarri bat jarri du”. Adibidez, ohartu dira zenbait aztarnategi gaizki datatuta zeudela, batzuk baita okerreko espezieari egotzita ere. “Azken neandertalen arrastoak Amaldako kobazuloan aurkitu ditugu”, zehaztu du.

Hortik abiatuta atera dituzte bi giza taldeen bizimoduaren eta bilakaerari buruzko ondorioak. Besteak beste, agerian geratu da, Marínen ustez, lekuko kondizioak sakon ikertzeko beharra: “Badakigu neandertalek trebezia tekniko, antolamendu eta kultura aberatsak zituztela, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zituztenak, eta lan honek erakutsi digu ez zirela aldi berean desagertu Europa osoan, baizik eta toki batzuetan lehenago eta beste batzuetan geroago. Eremu kantauriarrean, neandertalek eta gizaki modernoek denbora gutxi egin zuten elkarrekin; hortaz, lekuko kondizioak ezagutu behar ditugu, haiek desagertzean eragin zuten gakoak argitzeko”.

Horrenbestez, dagoeneko hasiak dira azken neandertal kantauriarrek izan zituzten kondizio klimatiko eta ingurunekoak aztertzen. “Horretarako, jan zituzten animalien hezurren isotopo egonkorrak analizatzen ditugu, animalia horiek bizi izan zituzten kondizioen berri ematen baitigute zuzenean, eta, beraz, baita neandertalenak ere”, esan du Marínek.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group