Nanoplastikoek hesteetako mikrobioma eralda dezakete

nanoplastikoek-hesteetako-mikrobioma-eralda-dezake
Arg. UAB

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek nanoplastikoek animalietan eragiten dituzten ondorioak aztertu dituzte berrikuspen zabal batean. Hiru bideetatik sartzen dira organismoan: elikaduraren bidez, edaten den uraren bidez eta arnasten den airearen bidez. Zalantzan dago, oraindik, azaletik eragin ote dezaketen. Badirudi organismoan sartzen diren plastikoen % 90 iraitz-aparatuaren bitartez kanporatzen dela, baina nanoplastikoak animalien organismoan geratzen dira, eta hainbat arazo eragiten dutela frogatu dute hainbat ikerketek: esaterako, nanoplastikoek animalien hesteetako mikrobioma eraldatzen dutela.

Ez bakarrik nanoplastikoek berek; fabrikazio-prozesuan plastikoei eransten zaizkien katalizatzaile, disolbatzaile, egonkortzaile, suaren aurkako produktu eta bestelako gehigarriek ere eragiten dute organismoan. Hala, ikerketek erakutsi dute, nanoplastikoak animalia ornogabe zein ornoduneen organismoan sartu eta hesteetako edo biriketako epitelioan itsasten direnean, hango zelula immuneak aktibatzen dituztela, hantura-erreakzio lokalak eraginez edo hesteetako mikrobiomaren osaera eta funtzionaltasuna aldatuz. Bestalde, nanoplastikoak linfa- eta odol-hodietara iritsi eta odol-korrontean sartzen dira, eta, hala, organo endokrinoetara, gibelera eta giltzurrunetara irits daitezke.

Bestetik, etengabe nanoplastikoen eraginpean egonez gero, baita portaera-aldaketak ere eragin ditzaketela frogatu dute; batetik, nanoplastikoek hesi hematoentzefalikoa gurutzatzeko gaitasuna dutelako, eta, bestetik, hesteetako mikrobiomak zuzenean nerbio-sisteman eragiten duelako.

Gizakiekin zuzenean egin ez bada ere, in vitro egindako hainbat ikerketek argitu dute nanoplastikoek giza zelulen barruan ere eragin dezaketela ondoriorik. Zelulan sartutakoan, nukleoraino irits daitezke. Zelula-motaren arabera, batzuetan ez dute eragin esanguratsurik ikusi, baina immunitate-sistemarekin erlazionatutako zeluletan, esaterako, frogatu dute oxigeno-espezie erreaktibo gehiago sortzen dela eta DNAn kalteak eragiten direla.

Ikertzaileek onartu dute nanoplastikoen eraginpean egoteak osasunean dituen ondorioak batez ere in vitro eta moluskuetan, krustazeoetan zein arrainetan ebaluatu izan direla, baina argi dute ere eragin horietako batzuk gizakietara estrapola daitezkeela. Horretarako, ikerketa gehiago egin behar dela adierazi dute, batez ere, gizakietan jarraitzen dituzten mekanismo fisiologiko zehatzak identifikatzeko. Science Bulletin aldizkarian argitaratu dute berrikuspena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila