Nanohodi bakoitza alde batera!

Karbonoz soilik egindako hodi nanoskopikoak sintetizatzea ez da zaila. Hala ere, fisikariek ez dute erabateko kontrola lortu sintesi horretan; ondorioz, bi motatako nanohodiak lortzen dituzte prozesuan. Orain, Alemaniako Kalsruhe Unibertsitateko fisikariek bi motak fisikoki banatzeko modu bat garatu dute.

Sintesian biak lortu arren, propietate metalikoak dituzten eta erdieroaleak diren nanohodiek ez dute aplikazio beretarako balio izaten; erabili ahal izateko, banatu egin behar dira biak.

Karlsruhe Unibertsitateko taldeak elektroforesian oinarritutako metodo bat probatu du nanohodiak banatzeko. Normalean, teknika hori biokimikan erabiltzen da tamaina ezberdineko proteinak karga elektrikoaren bidez banatzeko, baina fisikariek nanohodiak banatzeko probatu zuten, bi nanohodi-moten arteko ezberdintasunetako bat konstante dielektrikoa baita. Fisikarien arabera, % 80ko purutasunarekin banatu dituzte nanohodi metalikoak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila