Nafarroako sagarrondo autoktonoaren 276 barietate deskribatu dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek liburu batean. Gainera, ikusi dute aberastasun handia dagoela biodibertsitate genetikoari dagokionez, lagin asko desberdinak baitira genetikoki.
Dibertsitatea agerikoa da, besteak beste, zuhaitzen indarrean, adarkatzeko joeran eta hostoen eta loreen kolorean eta tamainan. Badira mahaiko barietateak eta sagardo-barietateak, nahiz gozogintzan erabil daitezkeenak; eta beste batzuk, berriz, ezin dira erabili, ez batean eta ez bestean, oso gezak baitira edo mamiaren sendotasuna eta irmotasuna dela eta ez baitira egokiak kontsumitzeko edo sagardoa egiteko. Baina beste ahalmen batzuk izan ditzakete, esaterako, izurrite eta gaixotasunen aurkako erresistentzia.