Musikak eragiten dituen emozioen mapa osatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

musikak-eragiten-dituen-emozioen-mapa-osatu-dute
Emozioen mapa interaktiboa Arg. Kaliforniako Unibertsitatea

Txinako eta AEBko entzule boluntarioekin egindako ikerketa baten bidez, musikak eragiten dituen emozioak identifikatu, sailkatu, eta elkarren arteko harremanak erakuten dituen mapa bat osatu dute. Aldi berean, berretsi dute musika entzuteak eragiten duen esperientzia subjektiboa dela eta kulturaren eraginpekoa.

Kaliforniako Unibertsitatean egin dute ikerketa, eta Txinako eta AEBko 2.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Askotariko estilotako musika entzun dute, hala nola rocka, jazza, klasikoa, heavya, folcka, baita Txinako musika tradizionala ere. Musika horiek entzutean sentitutako emozioak hamahiru kategoriatan sailka daitezkeela ikusi dute ikertzaileek jostaketa, poza, desira, edertasuna, baretasuna, tristezia, ametsa, garaipena, antsietatea, beldurra, ondoeza, erronka eta kitzikapena. 

Emozioa identifikatzeaz gain, entzuleek positibotzat ala negatibotzat jotzen ote zituzten ere galdetu zieten, baita emozioa apala ala indartsua ote zen. Emozioen kategoriak eta mailaketak aintzat hartuta, mapa interaktiboa osatu dute ikertzaileek

Mapak piramide trakets baten antza du. Goiko erpinean eta elkarregandik oso gertu agertzen dira edertasuna eta baretasuna. Edertasunetik beherantz zabaltzen dira, hurrenez hurren, desira, jostaketa, poza eta kitzikapena. Beste aldean, baretasunetik beherantz, daude tristezia, ametsa eta garaipena. Eta oinarrian, kitzikapena eta garaipenaren artean, erronka, ondoeza, beldurra eta antsietatea. Haien guztien artean dauden erlazioak marren bidez agertzen dira, eta, tartean, 2.000 musika-tarte baino gehiago daude entzungai. Haietako bakoitzerako, emozio bakoitzetik zein ehuneko duen azaltzen da, emozioak ez baitira puruak, mailakatuak eta nahasiak baizik.

Kulturaren eragina bereziki mailakatzean nabaritzen da, eta ez horrenbeste emozioen kategorietan. Psycho filmaren soinu-bandak beldurra eragin zien bai txinatarrei bai estatubatuarrei. Beste pieza batzuetan ere emozio berdinak adierazi zituzten, poza edo ondoeza, esaterako. Aldiz, batzuek positibotzat hartzen zutena besteek negatibotzat jotzen zuten, eta gauza bera gertatzen zen apala ala indartsua iruditzen zitzaien azaltzean. 

Beste ikertzaile batzuek ohartarazi dute emozioak izendatzeko erabilitako hitzek eragina izan zezaketela boluntarioen erantzunetan, eta hori ez dutela kontuan hartu. Horregatik, musika, sorrarazten duen emozioarekin lotu beharrean, emozio horiek adierazteko erabiltzen ditugun hitzekin lotzea zuzenagoa litzatekeela proposatzen dute.

Gainerakoan, onartu dute Kaliformiako Unibertsitatean egindako lana osatua eta baliogarria dela. Hain zuzen, egileen esanean, ikerketa erabilgarria izan daiteke emozioak eta haien inguruko asaldurak hobeto ulertzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila