Frantziako Montpellier-en Nicole Pasteur eta bere lankideek egindako ikerlan baten bidez, intsektizida organofosforatuen kontrako erresistentzia nola garatzen den argitu dute. Odoljario-sukarrak sortzen dituen Culex pipiens moskitoak, zeluletatik substantzia toxikoa B2 esterasa gehiago produzituta deusezten du. Entzima hau ohi baino gehiago sortzeko anplifikazio genikozko mekanismoa dute. Gene-zatien polimorfismoa analizatuta, erresistentzia duten moskito guztietan (Iparramerika, Asia nahiz Afrikakoak izan) anplifikatutako alderdiak berberak direla ikusi da.
Ikerleek diotenez, B2 esterasaren anplifikazioa gure planetako leku jakin batean gertatu eta handik migrazioen bidez beste kontinenteetara hedatu zen. Emaitza hauek nekazaritzan kalteak sortzen dituzten edo gaixotasunak hedatzen dituzten beste intsektu-espezieengan aplika badaitezke, medikuntza eta ekonomia aldetik interes ikaragarriak daude jokoan. Dena den, ikerleek gomendatzen dutenez erresistentzi geneak heda ez daitezen sanitate alderdia zaintzea beharrezkoa da.