The Astrophysical Journal Letters aldizkarian, Esne Bidean, erdialdetik urrun dagoen eremu batean eta Lurretik 26.000 argi-urtera, biziaren sorrerarekin erlazionatutako molekula bat aurkitu dutela jakinarazi du nazioarteko astronomo-talde batek.
Hain zuzen ere, Alpeetan dagoen IRAM irrati-teleskopioari esker, glikol aldehidoa detektatu dute G31.41+0.31 eremuan. Glikol aldehidoa monosakarido bat da, eta, beste batzuei lotuta, molekula konplexuagoak eratzen ditu, hala nola erribosa. Erribosa, berriz, RNAren oinarrizko osagaia da.
Orain arte, molekula organiko gehiago ere detektatu izan dituzte astronomoek, baina denak Esne Bidearen erdialdean. Handik kanpo aurkitzen duten lehen aldia da hau, eta, astronomoen esanean, hori garrantzitsua da, bi arrazoirengatik. Batetik, Esne Bidearen erdialdean erradiazio handia dago, eta horrek bizia sortzeko aukerak gutxitzen ditu. G31.41+0.31 eremua, ordea, erdialdetik urruti dago; horrenbestez, prozesu biologikoak gertatzen hasiko balira, aurrera egiteko aukera gehiago izango lukete. Bestetik, glikol aldehido asko topatu dute, eta horrek pentsarazten die molekula hori ohikoa dela izarrak sortzen ari diren eremuetan.
Molekula organikoak eratzetik bizia sortzera tarte handia dagoen arren, batzuen ustez, aurkikuntza horrek indartu egiten du Lurrera bizia espaziotik etorri zelako hipotesia.