Mikroplastikoen arazoa konpontzeko premia sobera argi uzten dute milaka ikerketak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

mikroplastikoen-arazoa-konpontzeko-premia-sobera-a
Arg. European Commission (Lukasz Kobus) / CC BY 4.0

“Mikroplastiko” hitza lehenengoz erabili zenetik 20 urte bete diren honetan, ikertzaile-talde batek urte hauetan ikasitakoa errepasatu dute, Science aldizkarian argitaratu duten lan batean. Eta ondorio garbiak atera dituzte: ingurune natural guztietan oso hedatuta daude, eta kalte nabarmena egiten dute, maila askotan; poluzioa bikoiztu egin liteke 2040rako; janarietan eta edarietan daude, gizakion gorputzean, eta ondorio negatiboen gero eta ebidentzia gehiago dago. Hala, aldarrikatu dute ezinbestekoa dela gaiari heltzea eta ondorioak ahalik eta gehien murrizteko irtenbideak bilatzea.

Arazoa “ikaragarria” eta “larria” dela argi utzi zuten Oihane Cabezas Basurkok (AZTI) eta Manu Soto Lopezek (PiE-UPV/EHU) itsasoko zaborrari buruzko erreportajean. “Urdaibaiko puntu guzti-guztietan topatu ditugu mikroplastikoak”, zioen Sotok.

Plastiko-zati txiki horiek, behin hedatzen direnean, ia ezinezkoa da biltzea edo ezabatzea, eta erraz hedatzen dira. Hala, planetako txoko guztietan topatu dira, 1.300 animalia espezietan baino gehiagotan, eta gizakion hainbat ehun eta organotan, hala nola biriketan, gibelean, giltzurrunetan, odolean, ugalketa-organoetan, karenean, garunean eta bihotzean.

Hogei urte hauetan egin diren 7.000 ikerketa inguru aztertu dituzte lan honetan, eta, egileen ustez, urteotan pilatutako ebidentziek eta ezagutzak sobera argi uzten dute guztiz premiazkoa dela arazo larri honi irtenbideak bilatzea, eta horretarako beharrezkoak izango direla mundu-mailako ekintzak eta ekimenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila