Mikroplastikoak, airean ere

Pirinioetan airez iritsitako mikroplastikoak atzeman dituzte

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

mikroplastikoak-airean-ere
Arg. Jean Louis Tosque/Pixabay

Mikroplastikoek kilometroak egin ditzakete airean ere, eta jatorritik urrun bukatu. Hain zuzen ere, Pirinioetan jaso dituzten airez etorritako mikroplastikoen berri eman dute Nature Geoscience aldizkarian argitaratu berri duten lan batean.

Ikerketa askok erakutsi dute itsasoak mikroplastikoz poluituta daudela. Mikroplastikoak itsasora ibaien bidez iristen direla iradokitzen dute ikerketa horiek, eta ez zegoen argi poluzio hori zenbat heda daitekeen atmosferan zehar ere. Orain arte, bi megahiritan baino ez ziren jaso airetik eroritako mikroplastikoen laginak: Parisen eta Dongguanen (Txina). Oraingoan, berriz, ahalik eta lekurik garbienetako bat hautatu dute ikertzaileek laginketa egiteko; Pirinioetan egin dute, Bernadouzeko Estazio Meteorologikoan, 1.425 metroko altueran.

Bost hilabetez egon ziren laginak hartzen, eta mikroplastiko-kopuru esanguratsua jaso dute, megahirietan jasotakoaren antzeko kopurua. Zehazki, egunean 365 partikula jaso zituzten metro karratuko. Partikula gehienak 50 mikra baino txikiagoak ziren, eta gainerako film eta zuntzek ez zituzten 100 mikra gainditzen. Plastiko-motari dagokionez, gehienak polietilenozkoak eta poliestirenozkoak ziren (plastikozko poltsak egiteko erabiltzen dira, besteak beste), eta polipropilenozko zuntzak ere (ehungintzan oso ohikoak) ugariak izan ziren.

Bestalde, aire-korronteen azterketak eta simulazioak eginez, kalkulatu dute 100 km inguru egin ditzaketela plastikozko partikula horiek airean.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.