Eskuineko eskua ezkerrekoaren ispilu-irudia den bezala, molekula askok dituzte bi bertsio, batzuk bestearekiko ispiluaren aurrean baleude bezala. Ikertzaileentzat, eta, batez ere, farmazialarientzat, oso garrantzitsua da bi bertsioak bereiztea, ia berdinak diren arren, ezaugarri oso desberdinak izan baititzakete.
Horren adibide ezagunenetakoa talidomida botika da. 1960ko hamarkadan, haurdun zeuden emakume askok hartu zuten botika hura, goragalea arintzen zuelako. Gerora konturatu ziren malformazio larriak eragiten zituela fetuetan. Arrazoia? Bi bertsioetako batek mesede egiten zion amari, baina besteak ondorio kaltegarriak sortzen zituen fetuan.
Horrelakoak saihesteko, hainbat metodo garatu dituzte kimikariek, baina nahiko zailak izaten dira. Orain, ispilu-irudiak diren aminoazidoak bereizteko, metodo erraz eta merke bat asmatu dute Texasko Unibertsitatean.
Kobrea duten zenbait konposatuk aminoazidoei espezifikoki lotzeko joera dute, eta lotura indartsuagoa izaten da aminoazidoaren bertsio batekin bestearekin baino. Gainera, lotura gauzatzen denean, kolorea aldatzen zaie, eta kolore-intentsitatea bertsioaren araberakoa da. Hala, kobredun konposatu desberdinak erabilita, kimikariek erraz bereizten dute zein aminoazido eta zein bertsio den. Hain justu, mekanismo bera erabiltzen du giza mihiak zaporeak bereizteko: aminoazidoen bertsio bat gozoa izaten da, eta bestea mingotsa.